GI-631 errepidea itxi egingo dute gaur gauean, Aizpurutxon
Oinezkoentzako espaloia eta pasabidea egiten ari dira Aizpurutxon. 24 metroko egurrezko pasabidea gauez kokatuko dute, galtzada osoa hartuko duen garabi batekin.
Gaur, 22:30ean, GI-631 errepidea itxi egingo dute Aizpurutxo parean (25,800 kilometroan) Urola ibaiaren gainean oinezkoentzako pasabidea jartzeko. Mozketak lau ordu iraungo du, gutxi gorabehera.
Aldundiak hainbat hobekuntza egin behar ditu GI-631 errepidean eta lanak Aizpurutxon hasi ditu. Errepidearen ondoan espaloia egin dute eta orain pasabidea jarri behar dute oinezkoak ibaiaren beste aldera pasa ahal daitezen.
Pasabide honek 24 metroko luzera du, egurrezkoa da, muntatuta iritsiko da eta galtzada osoa hartuko duen garabi batekin jarriko da.
Hurrengo faseetan hirugarren erreia egingo da errepideko hainbat puntutan eta zenbait bihurgune hobetu egingo dira. Errepide honetatik 3.300 auto pasatzen dira egunero. Horietatik %10 ibilgailu astunak dira.
Urtean zehar, eskualde batetik bestera mugitzen diren langileek eta Zumarragako ospitalera joan beharra duten Urola Erdiko bizilagunek erabiltzen dute errepide hau.