Lau urteren ondoren, martxan da haur eskola zerbitzua Zerainen
Urtarrilean hasi ziren, baina COVID-19a dela eta itxi eta irailean ireki dute berriro. 3 haur eta 2 hezitzaile daude. Herri eskola dagoenez, 2-3 urtekoentzako zerbitzurik ez dago
Duela lau urte inguru Zeraingo haur eskola zerbitzua bertan behera utzi zuten haurrik ez zegoelako. 2015/2016 izan zen azkeneko ikasturtea. Aurten berriro jarri dute martxan, eta hiru haur joaten dira goizero, eguerdira arte. Urtarrilean ireki zuten, baina COVID-19a dela eta, hilabete bakarrik egon zen martxan eta irailean berriro ireki dute.
Iratxe Tapia eta Idoia Gonzalez dira Zeraingo haur eskolako hezitzaileak. Irailean ekin zioten ikasturteari gainontzeko eskolek bezala. Hiru haur dituzte taldean, 1 eta 2 urtekoak. Zerainen herri eskola dagoenez, 2-3 urteko haur eskola zerbitzurik ez dago, eskolara joaten dira horiek: «Hori da eskola duten herri txikien oztopoa», azaldu du Iratxe Tapiak. Izan ere, Haur eskolen Partzuergoa enpresak, haur eskolen kudeatzaileak, ez du zerbitzu hori eskaintzen herri eskola dagoen tokietan.
Duela lau urte zegoen leku berean dago haur eskola. Herri eskola dagoen eraikin berean. Espazioa bere horretan utzi dute lau urteotan zerbitzua berreskuratzerakoan erabiltzeko. Gela bat da haur eskola, fondoan bi gela txikirekin: aldagela eta logela. Hezitzaileek azaldu dute oraingoz materiala gordetzeko erabili dutela soilik haurrak sehaskara ohituta ez daudelako. Gela nagusi horretan sukalde txiki bat ere badute. 15:00ak arte eskaintzen dute zerbitzua. Goizean jolastu, kalera irten eta bestelako ekintzak egiten dituzte. 12:00ak inguru haurrek etxetik eramandakoa bazkaltzen dute, eta ondoren siesta egiten dute.
«Txikia da eremua, baina hiru haurrekin eta kanpora irteteko aukera izanda ondo dago», azaldu du Tapiak. Zenbait aldaketa egingo lituzkeela gehitu du hezitzaileak, baina oraingoz eskaerarik ezin dute egin: «Enpresak argi eta garbi utzi du inbertsiorik ez dutela egingo». Haur eskolen Partzuergoa enpresaren eskumena da haur eskola eta udalak ez du esku hartzerik horretan.
Egokitzapena banan-banan
Irailera arte ezin izan dute zerbitzua eskaini. Martxa hartuta, neurriak hartu behar izan dituzte. Gel hidroalkoholikoa dute sarreran, eta zapataoinak garbitzeko alfonbra bat ere bai. Egokitzapena izan da, halere, faserik arrotzena, gurasoek ezin izan dutelako batera gunera sartu: «Lehenengo egunetan ume bakoitza senide batekin sartzen zen banaka, gero bi ume eta denbora handitzen joan ginen egokitzapena egiteko».
Irakasle eta haurrek zapatak kentzen zituzten eta gurasoek galtzerdiak aldatzen zituzten sartu ahal izateko. Hezitzaileek adierazi dute egoerara egokituta egingo dutela lan aurrerantzean ere, eta zerbitzua martxan jartzeko senide eta hezitzaileen arteko elkarlana ezinbestekoa izan dela azpimarratu dute.