Lazkaoko udal tasek eta zergek ez dute orokorrean igoerarik izango 2021ean
Zaborrarena da salbuespena, %3,6 igoko baita, hiru urtean urtero. Elektrikari eta kirol zerbitzuak esleitu ditu. Bide berritze, kale argi aldatze eta mantentze lanei astindua eman die uda partean
Aurreko osteguneko ezohiko osoko bilkuran onartu zuen Lazkaoko Udalbatzak 2021erako udal tasen eta zergen araudia, EAJren aldeko eta EH Bilduren abstentzioko botoekin. Oro har, aurtendik ez da kopururik igoko. KPI hartu ohi du udalak oinarri, eta abuztura arteko indizea %-0,4 izan zenez, bere horretan geratuko dira tasak eta zergak.
Azken urteetan bezala, salbuespena zaborraren tasa izango da. %3,6 igoko dira datorren urtean ordaintzeko kopuruak. Sasieta Mankomunitateak udalari aplikatutako %10,76ko igoeran justifikatu du udalak bere hazkundea. Hala, hiru urtean jarraian urteko %3,6 igotzeko asmoa du tasa Lazkaoko Udalak.
Ordenantza fiskalean aldaketa batzuk ere onartu dira. Tasak eta zergak ordaintzeagatik udalak eman ohi dituen diru laguntzetarako, irabazi-mugaren oinarriak igo dira. Lanbidearteko gutxieneko soldatarekiko aldea eta familiako kide kopurua hartzen dira hobaria kalkulatzeko aldagai gisa.
Ibilgailuen zergan, elektrikoen, hibridoen eta historikoen hobariak hobetu dira. Elektrikoen kasuan, ordaindutako zergaren %95 berreskuratu ahalko du jabeak (lehen %75), hibridoetan %75 (lehen 50) eta historikoek eta 30 urtez gorako autoek osoa.
Obren zergetan, eguzki plaken instalazioen gainekoa eta interes bereziko obrena aldatu dituzte. Hipermerkatuen arloan, berriz, 2.500 metro koadrokoa baino azalera handiagoa duten saltokiei irekitze baimenagatik 1.600 euro kobratuko zaizkie.
Bi zerbitzuren esleipenak
Aurreko asteko (urriak 1) ezohiko udalbatzarrean, bestetik, bi udal zerbitzuren kontratuak eman zituen udalak, beste horrenbeste enpresari. Kiroldegiaren erabilera eta kirol zerbitzuen ustiapena Athlon Sintagmia SL enpresak eskuratu du lehiaketan, eta udalbatzak esleitu dio, eskaintza onena aurkezteagatik.
Bi urteko iraupena du kontratuak, beste bitarako luzagarria, urtebeteka. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, urteko 342.228,80 euroan zehaztu dute, kirol zerbitzuan eskaini beharreko ordu kopuruan estimatuta.
Instalazio elektrikoen mantentze zerbitzua, bere aldetik, Tapia Instalazio Elektrikoak enpresak hartu du. Lizitazioko urteko oinarrizko aurrekontua 84.360,59 euro da, BEZa aparte. Bi urteko iraupena du kontratu horrek ere, beste bi luzagarri.
Mantentze lanak udan
Uda garaia berritze eta mantentze lanak egiteko baliatu du Lazkaoko Udalak, bere aldetik. Irailaren hasieran Lazkaomendiko auzo bideak asfaltatu zituen, Abalin baserritik Lartxaira, eta handik Albitsubehekora bitartean. Senperen eta Enparandegin zati txarrenak konpondu dituzte. Mikroasfaltuz berritu dituzte, 4.940 metro koadro Lazkaomendin eta 1.170 beste bietan.
Kale argiak led teknologiara aldatzeko urratsekin segiz, irailean Ertziltxo baserrira arte berritu dute argiztapena, Lazkaok eta Olaberriak elkarlanean. Argindar kontsumoa 8.500 kilowattetik 3.000ra jaitsiko da.