Ordiziako San Jose egoitzaren irekieran "irregulartasunak" salatu ditu ELA sindikatuak
Ordiziako egoitzaren irekiera atzeratu ostean, ostegunarekin batera irekiko dutela jakinarazi du ELAk. Irekieraren aurrean salatu dute, "ez Kabiak, ez Eulenek kontingentzia planik langileekin adostu eta informaziorik partekatu ez izana".
Ordiziako San Jose egoitzaren irekieran irregulartasunak salatu ditu ELA sindikatuak. Gaur Ordiziako Plaza Nagusian egin duten prentsaurrekoan adierazi dutenez, biha, osteguna, irekiko dute egoitza, eta «ez Kabiak ez Eulenek, ez dute aurretik langileekin kontingentzia planik adostu, ezta aurkeztu ere». Gauzak horrela, «salaketa ipini» dute Osalan eta Ikuskaritzan.
Pandemia hasi zenetik, Goierri mailan heriotza kopuru handiena biltzen duen egoitza izan da Ordiziako San Jose adinekoen egoitza. ELAko ordezkariek, hilabete hauetan jazotakoa datuetan irudikatu nahi izan dute: «Lehen hilabeteetan, egoitza honetan 68 erabiltzailetatik 54k positibo eman zuten COVID-19aren proban, 25 egoiliar hil ziren COVID-19arekin, eta beste 9 heriotza egon ziren COVID-19a zuten konfirmatu ez zirenak baina sintomekin».
Langileen artean berriz, «22 kutsatu» ziren, eta horietatik «7 ospitalean ingresaturik» egon ziren. Hasiera-hasieratik salatu zuten lan egiteko baldintzak ez zirela betetzen: «Antolakuntza neurriak eta material falta salatzeko epaitegian helegitea sartu genuen. Ez Kabiak, ez Eulenek ez zuten langileen ordezkariekin kontingentzia planik adostu ezta informaziorik partekatu ere».
Ordiziako egoitza, «Gipuzkoako Foru Aldundiko Kabia organismo autonomoak zuzentzen» du. Langileak, «12 Kabiakoak dira, eta 55, Eulen Servicios Sociosanitarios-ekoak».
Errepikatzen den eskaera
ELAko langileek gogoratu dute, ekainaren19an Ordiziako adinekoen egoitza itxi zutela, eraikinean hobekuntza lanak egiteko. Sindikatuaren ordezkariek jakinarazi dutenez, egoitzaren kudeatzaileek «irailaren 16an» esan zieten, «irailaren 23an San Jose egoitza berriro irekitzera» zihoazela. Iragarritako irekiera eguna baino bi egun lehenago, prentsaurrekoa deitu zuen ELAK, ondorengoa salatzeko: «Kabiak Ordiziako egoitza pribatizatzeko pausu berri bat ematen ari dela; COVID-19arekin gaixo dauden adineko pertsonekin ireki nahi denez egoitza, Ordiziako eta inguruko herriak orain arteko zerbitzurik gabe gelditzen zirela; pandemiaren lehen hilabeteetan langileek jasandako egoerak, erreparatu ez diren ondorio sikologikoak izan dituela; eta egoera berri honi aurre egiteko langileek jasotako formakuntza oso eskasa izan dela».
Gaurko agerraldian, ELAk beste behin eskatu du, «Diputazioak pribatizazio asmoekin eta Ordizian izan den zerbitzu murrizketetan atzera egin dezala, eta kontutan har ditzala langile eta ordezkariak».
Egoitzaren irekiera eguna atzeratu egin zen azkenean, baina ELAk esan duenez, bihar irekiko dute. Denbora honetan bi enpresei egindako eskaerek erantzunik ez dutela izan salatu dute: «Oraindik ez daukagu kontingentzia planik, eta beraz, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuak eta Eusko Jaurlaritzak enpresen irekieren aurrean ezarri dituen protokoloak ez dira betetzen».
Gauzak horrela, «salaketa ipini» dute «Ikuskaritzan eta Osalanen, eta hemendik aurrera, egoitzaren irekieraren aurrean hartu beharreko neurriak haiek ezarriko dituzte».
ELAk Diputazioari eskatzen dio, «lege eta protokoloak bete eta langile eta erabiltzaileen segurtasuna lehenetsi dezala, egoitza berriro ere ireki aurretik”.