Ordizientzia hitzaldi zikloa ostiralean hasiko da Patxi Razkinen hitzaldiarekin
'El universo desde la cueva' hitzaldia egingo du Ordizian bizi den ingeniari olaberritarrak. Barrena Kultur Etxean izango da, aforoa mugatuarekin eta segurtasun neurri guztiekin
Urriaren bigarren hamabostaldian ekingo diote Ordizientzia hitzaldi zikloari Ordizian, Lemniskata Goierriko Zientzia Elkarteak antolatuta. Aurtengoan, Patxi Razkinenk irekiko du programazioa, El universo desde la cueva hitzaldiarekin. Ostiralean, hilak 16, izango da hori, Ordiziako Barrena Kultur Etxean, 19:00etan hasita. Aforoa mugatua izango da eta egungo egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak hartuko ditu antolakuntzak.
Bilboko Goi Mailako Ingeniaritza Eskolan Ingeniaritza Industriala amaitu, eta 1994tik gaur arte, CAF lantegian garatu du ibilbide profesionala Patxi Razkinek, Ordizian bizi olaberritarrak. Lana eta astronomia, astrofisika, argazkilaritza, zine zuzendaritza, gidoigintza eta dokumentala uztartzen ditu. Horri guztiari lotuta hain zuzen ere, hainbat sari jasotakoa da. Mendi Film Festibalen, Erantzun zuzena izeneko ekoizpenagatik, 2016an. Azken saria, urte honetan bertan lortu du, On Zientzia Lehiaketan, Mundu bat ur tanta baten barnean lanarekin.
Orain, bere azken lana den El universo desde la cueva aurkeztera dator, Ordizientziaren barruan. Razkinen hitzetan, «ezin dugu izarretara bidaiatu, eta ezin ditugu atomoak ukitu. Hala ere, gure zentzumenak eta garunak erabiliz eta metodo zientifikoan eta matematikan oinarrituz, bere sekretu asko esploratzea eta argitzea lortu dugu. Eta hori guztia gure planetatik ia irten gabe, Homo Sapiens bizi den ‘kobazulotik’ irten gabe!». Honela, «ikusiko dugu nola aurkitu duen zientziak, unibertsoa lurretik arakatu ahala, uste genuena baino txikiago eta hutsalago baikara literalki», gaineratu du Razkinek.
Beste bi hitzordu
Ostiralekoaz gain, beste bi hitzaldi gehiago antolatu dituzte urrian. Urriaren 23an, ostirala, Jon Saenzek, Klima aldaketaren oinarri fisikoak hitzaldia egingo du, Barrenan, 19:30ean. Eta urriaren 30ean, ostirala, Itziar Alkortak, Superbakterioak, ingurunetik ospitalera, 19:00etan, Barrenan baita ere.