Rezolak bitartekari lanak egin ditu, lehen aldiz, 'Ez bultza egin!' proiektuan
Igor Rezola beasaindarrak zazpi artistaren lanak kudeatu ditu lau ardatz dituen proiektua garatzeko. Rapa, artea eta irratia uztartu nahi izan ditu. Arrasateko Kulturaten dago ikusgai, hilaren 24ra arte
Igor Rezolak urrats bat gehiago eman du bere ibilbide artistikoan eta komisario lanetara jauzi egin du. Ez bultza egin! proiektua gidatu du. «Eremuak programak antolatutako Harriak proiektuaren baitan egindako lan bat da. Harriakek arte garaikidea herrietara zabaltzea du helburu eta, horretarako, bost herrietan bost erakusketa antolatzen ditu. Horietako bat gidatzeko aukera eskaini zidaten, Arrasateko Kulturate zentroan, eta animatu egin nintzen», azaldu du Rezolak. Garrantzia kendu nahi izan dio: «Komisarioak dena baino hitz potoloagoa dirudi. Azken finean antolatzaile bat besterik ez da».
Zazpi artisten arteko bitartekari lanak egin ditu: Zuhar Iruretagoiena Labeaga, Javier Rodriguez Perez-Curiel, La Furia, Xolomo Gangsta feat. Mawatres, Telmo Trenor eta Marixe Ruiz de Austri Arexolaleiba. «Proiektuak lan hanka ditu: erakusketa, tailerra, irratsaioa eta textu kritikoa», laburbildu du. Arte garaikidea, rapa, irratia eta hausnarketa nahasi ditu, «gorputza eta ahotsa», dio. «Rapak asko du ahotsetik, baina gorputza ere bada, jarrera bat», azaldu du.
Rezola rap zalea da eta arte urbanoa deritzona landu du bere ibilbide artistikoan, nagusiki. Halere, arte urbanoaren etiketarekin ez da eroso sentitzen: «Termino oso zabala da, eta askotan jendea erakartzeko erabiltzen da». Duela 20 urte baino gehiago, orduan CAFeko langile zela, espraiekin esperimentatzen hasi zen. Grafitien munduan sakondu ahala, bere burua formatu behar zuela ikusi zuen 2007an arte ederrak ikasten hasi zen. Are gehiago, 2018an doktore tesia aurkeztu zuen, eta egun, EHUko ikerlari eta irakasle moduan egiten du lan.
Bitartekari lanak egitea erronka handia izan dela aitortu du, baina emaitzarekin «oso gustura» amaitu duela aipatu du. «Prozesu polita izan da. Ikusiko dugu publikoak nola erantzuten duen, baina gai interesgarriak lan-talde eder batekin jorratzeko aukera eman dit». Urriaren 24ra arte egongo da erakusketa ikusgai, Kulturate zentroan. Proiektua orduan amaituko da, ez baitu jarraipenik izango.
Lagun artean ibili da: Xolomo Gangsta, Telmo Trenor, La Furia… rap munduan dabiltzan musikariak dira. Azken honek Rap-a ahalduntze feministarako tresna gisa tailerra gidatu zuen inaugurazio egunean. Jarraian, zuzeneko irratsaio bat egin zuen Xolomo Gangsta kolektiboak. Podcast formatuan entzungai dago erakusketan. Iruretagoienaren eta Rodriguezen lanak eta Ruiz de Austriren gorputzari buruzko testu kritikoa ere bertan daude, ikusteko eta irakurtzeko.