Txapeldunen artean gazta txapeldunak lehiatuko dira
Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako onenek parte hartuko dute. Udaletxeko areto nagusian egingo dute a. vierbücher
Azken 10 urteotako Ordiziako Euskal Jaietako gazta txapeldunen arteko txapeldunaren bila, Ordizia Txapeldun Gazta Txapelketa egingo dute gaur, asteazkeneroko azokarekin batera. 33. ekitaldia izango da gaurkoa. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.
Gaurkoan lehiatuko dira, 2011 eta 2013ko irabazle Ricardo Remiro Agirre (Eulate), 2014ko irabazlea Ondarreko Karmele Murua (Segura), 2012 eta 2015ean irabazle izan zen Jon Etxebarria (Zeanuri), 2016ko irabazlea izan zen Joseba Insausti (Ordizia), 2017ko irabazlea Jose Luis Odriozola (Aia) eta 2018 eta 2019ko irabazlea, Julen Arburua (S.C. kortaria, Lekaroz) eta berriki txapeldun atera den Patxi Lopez de Uralde (Larrea, Araba).
Epaimahai lanetan ohi baino pertsona gutxiago arituko dira: Jose Juan Castillo lehendakari dutela ondorengo lagunek osatuko dutena: Elena Navarro (Kostalde jatetxea, Donostia) sukaldaria Jakitea elkartearen ordezkari, Victoria Urresti eta Patxi Perez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak) eta Eli Belaunzaran (El Diario Vascoko kazetaria).
Udaletxeko aretoan
COVID-19ak hala behartuta, aldaketa askorekin dator aurtengo ekitaldia. Ordiziako udaletxeko arkupeetan egin partez, udaletxeko areto nagusian egingo dute, 11:00etan hasita, eta segurtasun neurri bereziak jasotzen dituen araudiarekin. Ateak itxita egingo da jardunaldia, une oro segurtasun distantziak gordeko dira eta musukoen erabilpena nahitaezkoa izango da.













