Euskal Herriko mendi duatloi txapelketa irabazi du Josu Urrestarazuk
Aurten Ibarrako X. Mendi Duatloian izan da Euskal Herriko txapelketa. Zirkuituko Elite kategoriako sailkapen orokorrean liderra da. Hurrengo proba Amasan izango da
Josu Urrestarazuk (Idiazabal, 1994) mendi duatloiko Euskal Herriko txapelketa irabazi du Elite mailan. Urtero mendi duatloiko zirkuituko lasterketa bat aukeratzen da Euskal Herriko Txapelketarako, eta aurten Ibarrako X. mendi duatloian izan da. Bestalde, proba horretan 7. postua lortu du idiazabaldarrak, zirkuituko sailkapenerako baliagarria izango zaiona.
2020 denboraldiko Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua bederatzi lasterketek osatzen zuten, baina Igantzikoa (Nafarroa), Arriarangoa eta Zegamakoa bertan behera geratu direnez, sei izango dira guztira. Euskal Herriko Elite mailako txapela irabazita, sailkapen orokorrera begira jarri da Urrestarazu, Zirkuituko Elite mailako sailkapenean liderra baita duatloilaria; lehenengo bi lasterketetan, Igartzan eta Urduñan, 2. sailkatu zen, Arespalditzan (Araba) 9. postua lortu zuen, eta Ibarran 7. postua.
Hurrengo bi probak Amasan eta Adunan izango dira, urriaren 24an eta azaroaren 7an, hurrenez hurren: «Parte hartzeko asmoa dut, aurten dagoen egoerarekin proba gutxi daude eta gustatzen zaigunez dortsala jartzea aprobetxatu egin behar da», adierazi du Urrestarazuk.
Emaitza onekin jarraitzea izango du helburu datozen probetan: «Aukera hori daukagu eta lider jarraitzen dugu Zirkuituko Elite kategorian, beraz, hori defendatzea tokatzen da». Halere, lehiarkotasuna ez da gehien baloratzen duena: «Zaintzea eta gorputzaren lanketarekin gozatzea da helburua; gaur egun gehien disfrutatzen dudan alorra da, lehiaz harago». Egunerokotasunean kirola egitea du gustoko. Gimnasioan aritzearen garrantzia azpimarratu du: «Indarra lantzea garrantzitsua da. Ez kirolerako bakarrik, baizik eta bizitzaren edozein alorretan indartsu eta osasuntsu egoteko».
Ziklista federatu ohia
Bere kabuz entrenatzen du eta zaintzen du bere gorputza Urrestarazuk. Hamar urte eman zituen txirrindulari federatu gisa, eta horrek orain baliagarriak zaizkion esperientzia eta jakituria eman dizkio : «Zortea izan dut 10 urte txirrindularitzan aritu naizelako; asko ikasi dut kirolaren baloreez», esan du.