Goierri-Urola Garaiko eremuak du EAEko inzidentzia tasarik handiena
Hamabost egunean 350 kasu berri agertu dira Goierrin. Beasaingo institutuan 700 PCR proba egingo dituzte. Osasun Saila Goierriko alkateekin bilduko da gaur
Koronabirusaren osasun krisia hasi zenetik asterik beltzenetakoa izaten ari da Goierrin, positibo kasu berriei dagokionean. Urria hasi zenetik 356 kasu berri agertu dira eskualdean, eta dagoeneko Goierri eta Urola Garaiko osasun eremua da EAE mailan inzidentzia tasarik handiena duena, 100.000 biztanleko 608,5 kasurekin. Ordizia eta Beasain izan dira azken egunetan kopururik handienak izan dituzten herriak, eta osasun arduradunak neurriak hartzen hasiak dira dagoeneko. Gaur, Goierri eta Urola Garaiko alkateekin eta osasun zentroetako arduradunekin bilduko da Osasun Saila, egoera aztertu eta neurri gehiago hartu edo ez erabakitzeko.
Gipuzkoan, eta batez ere Goierri-Urola Garaia osasun eremuan kokatu da arretagunea. Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak Euskadi Irratian egindako adierazpenetan esan du EAEko «hiru lurraldeetatik egoerarik kezkagarrienean oraintxe Gipuzkoa» dagoela. «Datuak hor daude eta denok ezagutzen ditugu». Baheketa masiboak egiterako garaian, «kasu guztiak» ikertzen dituztela azaldu du. «Ikusten dugunean 14 eguneko inzidentzia tasa goraka doala edo ez dela jaisten, edo ikusten dugunean bat-batean hainbat kasu agertzen direla herri batean, banan bana aztertzen ditugu». Horrela jokatu dute Azkoitian eta Azpeitian, eta Goierriko kasuan ere, jokabide bera izango dutela aurreratu du.
Institutuan PCR probak
Arreta gune nagusietako bat Beasaingo Txindoki Institutuan dago. Sagardui sailburuaren esanetan, «institutu horretan hainbat kontaktu» atzeman dituzte, eta probak lehenbailehen egitea erabaki dute, «oraindik sintomarik izan ez duten beste hainbat garaiz» hartzeko itxaropenarekin. Atzo arratsaldean egin zituzten aurreneko PCR probak, eta gaur bigarren txanda bat egingo dute. Guztira, 700 bat test egitea aurreikusten dute bertako ikasleen artean.
Alkateekin bilera gaur
Goierriko eta Urolako osasun eremuan izan den kasu gorakada dela eta, Osasun Sailak bilera telematikoa deitu du gaur goizerako; eremu horretako osasun zentroen arduradunak eta alkateak bilduko dira, «egoera nola dagoen ikusteko, beraiei [alkateei] azaltzeko nola ikusten dugun guk, eta daramagun ikerketan zer emaitza ikusten ditugun». Bilera horren helburua, «guztien artean prebentzio neurriak indartu eta gordetzea» izango dela azaldu du sailburuak.
Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak ere momentuz neurri gehigarriez hitz egiteko «azkarregi» dela azaldu du. Institutuan egingo dituzten test horiekin «egoeraren argazki erreala» izatea espero du. Behin argazki hori izandakoan, eta gaurko bileraren ondoren, erabakiko dute egungo prebentzio neurriak nahikoak diren edo neurri gehiago hartu beharko diren.
Ordizian ere adi
Azken egunetan izan den inzidentzia tasaren igoera dela eta, «udala adi» dagoela azaldu du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, eta ahal duten heinean, «etor daitekeen horri aurrea hartzen» ari direla. Momentuz Ordizian fokorik ez dagoela esan du, eta herriko ikastetxeekin kontaktu erronda egin dutela, egoera nolakoa den jakiteko eta udalaren lankidetza eskaintzeko. Bestalde, osasun zentroarekin ere harremanetan daudela azaldu du Ezenarrok, eta datozen egunei begira, PCR probak egin ahal izateko eremua handitu egingo dutela gune horretan.
San Jose egoitzan«sintomarik gabeko kasuak» artatuko dituzte
Ordiziako San Jose adinekoen egoitza gaur jarriko dute berriz ere martxan. Ekainean itxi zuten, hainbat egokitzapen egiteko, eta orain, COVID-19a duten Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileak artatzeko erabiliko dute. Maite Peña Foru Aldundiko gizarte politikarako arduradunak azaldu du erabilera hori «aldi baterakoa» izango dela, eta positibo eman arren,«sintomarik ez» duten erabiltzaileak artatuko dituztela bertan.
Bestalde, Goierri, Urola eta Tolosaldeko egoera epidemiologikoa ikusita, aldundiak prebentziozko 1.500 PCR proba egin ditu adinekoen egoitzetan, tartean Beasain, Segura eta Legazpiko zentroetan.