Dagoenean, bonbon
Goierriren luze-zabalean kultura-ekitaldi egitarau oparoa izan da, asteburuan. Urtean zehar, ez dira asko izango gehiagokoak; aurten, ia batere ez. Atzeratutakoek eta, ezaren beldur, lehenbailehen antolatuek bat egin dute.
Kultura zer den inork ulertu nahiko balu, astebukaera honetan izan du adibide ederrik. Mundua igarotzen ari den aldarte tristearen eta ezegonkorraren garaiotan, beste dimentsio batera bidaiatzeko izarrontzia da; kezketatik aldendu, eta amesteko, irudikatzeko, berriro gizaki sentitzeko unibertso-geruza.
Beldurrak eta debeku-aireak beldur eta debeku, jendea kulturaren egarri da. Edo, hain justu, horregatixe agian. Basamortutik irten eta beste desertu batean barneratzera doanaren oasia da. Bekozko beltza jarri zaio koronabirusari berriro, eta datorkeen agorraldirako sormen urez zahatoa betetzeko iturria izan da joan den asteburua Goierrin.
Dagoena, esker onez hartu dute herritarrek. AMAk laukoteak bi kontzertu, behintzat, bertan behera utzi behar izan ditu aurten Goierrin. Ostiralean, Lazkaoko Arerian ziren. Aretoa, beteta (betetasun zentzu berrian).
Zaldibian Udazken Bizia programarekin hornitzen hasi dira jai nagusiek utzitako gabezia. Haatik dantza konpainiaren Errimak bi oinetan ikuskizuna ikusten 145 herritar izan ziren, herenegun. Ostiralean, beste multzo bat J Martina eta Egonezin taldeen kontzertuan.
Ataunen, beste eskaintza bikoitz bat: Elbira Zipitriaren inguruko Muga deitzen den pausoa dokumentala eta solasaldia; eta Eneritz Furyak eta Makkela bakarlarien kontzertuak, Oargin.
Jaialdiak, musika eta bertso
Zumarragan, ZZ Rock jaialdia egin ahal izan dute. Lau kontzertu izan ziren, beste horrenbeste kolpetan, zapatuan zehar. Eguerdikoan hutsune batzuk baziren, baina besteetarako sarrerak agortuta zeuden. Eserita, erre gabe, tragoa tabernatik besoa altxatuta eskatuz. Baina rockak gogorra izaten segitzen du.
Seguran, Iparra-Hegoko programa zatikatuan, bertso jaialdia igandean; bezperan dantzariak aritutako leku berean.
Eza letorkeenean egoteko, ezina ez da aitzakia dagoenean.