Merkataritzari laguntzeko bonu sistema luzatu egingo dute Lazkaon
'Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?' sustapen kanpainak bigarren ekinaldia izango du. 20 euroko erosketa txartelak hartuta, 30 euroko erosketa egin ahal izango dute herritarrek.
Ekainean hasitako Nik Lazkaon, zuk zergatik ez? merkataritzako sustapen kanpainak bigarren ekinaldia izango du. Bonu bidez erosketak Lazkaon bertan egitera bultzatzeko ekimena atzo abiarazi zuen udalak. Aurrekoan bezala, 20 euro txartelak erosteko gastatu, eta horiekin 30 euroko balioko erosketak egin ahalko dituzte herritarrek, Lazkaoko 61 saltokitan.
Guztira 1.500 bonu jarri dituzte salgai, udaletxean. Atzo hasi ziren saltzen, eta abiada bizian ari dira enplegatzen. 20 euroko bonua erositakoan, 5 euroko sei kupoitan banatuta dago, zatiki horietan gastatu ahal izateko. Lagun batek 10 bonu eros ditzake, gehienez. Zenbakituta daude, eta eroslearen Nortasun Agiri zenbakia jasoko du udalak.
Bonuak bi kolorerekin bereizita daude. Mota batetik, bi kupoi edozein dendatan eta saltokitan erabil daitezke; beste lau kupoiak, berriz, janari-denda ez diren beste edozeinetarako dira.
Salmenta, kalean ere bai
Bonuak udaletxean dauzkate salgai, baina kalean ere jarriko dituzte mahaiak: astelehenetan 09:00etatik 12:00etara, eta ostiraletan 17:00etatik 20:00etara.
Kepa Zubiarrain alkateak nabarmendu du herritarren eta merkatarien aldetik «oso harrera ona» eduki duela bonu-kanpainak. Koronabirusaren krisialdian, beste hainbat laguntza-lerro eta tasa salbuespen ere badituztela gogorarazi du.
«Herriko ehun ekonomikoa ezinbesteko aktibo da aurrera egiteko: aberastasun eta enplegu sortzaile dira, eta herritarren ongizatea bermatzen dute; herriaren garapen ekonomiko zein sozialaren zimendua. Konpromiso osoa dugu gure saltokiekin», esan du Zubiarrain alkateak.













