Ordizian baheketa selektiboa egingo dute positiboek gora egin dutelako
Ordiziako 13 eta 40 urte arteko herritarrak PCR proba egitera deitu dituzte. Bihar ikasleei egingo dizkiete testak; ostegunean eta ostiralean gainerako herritarrei.
13 eta 40 urte bitarteko ordiziarrak PCR proba egitera deitu ditu Ignacio Garitano Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Zaintza eta Kontrolerako programaren koordinatzaileak. Bihar ikasleei egingo diete PCR proba eta ostegunean eta ostiralean gainerako herritarrei (13:00-20:00). Ordizian pandemiaren bilakaera «okerrena» izaten ari dela arrazoitu du Garitanok. Asteburuan beste 47 kasu atzeman dituzte, eta 1.103,31koa da azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko gaixoen tasa. Bikoiztu egiten du Osasun Sailaren alarma muga. Ordiziako Udaleraino heldu da pandemia, eta udal gobernua bakartu egin da taldean positibo bat atzeman dutelako.
Beasainen ere alarma gorria piztuta dago. Azken bi asteetako datuen arabera, Beasainen 1.102,44 gaixo daude 100.000 biztanleko. Azken 72 orduetan 65 beasaindarrek eman dute positibo. Zumarragak, berriz, 645 gaixoko tasa du, eta Lazkao, Legazpi eta Urretxu mugan daude. Osasun Sailak ez du emaitza positiboen ehunekoa herrika xehetzen. Goierri-Urola Garaia osasun eremua da Euskal Autonomi erkidegoan tasa handiena duen ingurua: 855,46 lagun.
Eskualdean 182 COVID-19 kasu atzeman dituzte asteburuan. Altzagan, Araman, Ataunen, Gabirian, Mutiloan eta Zerainen izan ezik, gainerako herri guztietan egon da positiboren bat. Eskualdean 500 kasu aktibo baino gehiago daude. Altzaga eta Gabiria dira azken bi asteetan kasu positiborik agertu ez diren herri bakarrak.
Neurri murriztaileagoak
Eusko Jaurlaritzak, LABI batzordearen aholkuei jarraituz, pertsonen mugikortasuna eta jende pilatzeak gehiago mugatzeko neurriak iragarri ditu egoera iraultzeko. Bilerak sei lagunetara murriztuko dituzte, edukierak erdira murriztu eta ostalaritzaren eta parkeen ordutegia txikituko dituzte. EAEko Auzitegi Nagusiak oniritzia eman behar die neurriei. Jaurlaritzak ostiraleko agintaritza aldizkarian publikatu nahi ditu beranduenez, asteburuan neurriak indarrean egon daitezen.
Goierriko eta Urola Garaiko alkateek, bestalde, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuarekin, Iñaki Berraondo sailburuordearekin Josu Bujanda Ertzain buruarekin ostiralean egindako bileran neurri osagarririk ez hartzea erabaki zuten.
Txindokin 538 PCR proba egin dituzte
Beasaingo Txindoki Institutuarekin harremana dute 538 pertsonari egin diete PCR proba. Osaun Sailak ez ditu emaitzak jakinarazi. Txindoki Institutuan bost gela daude itxita. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan ez du itxiera gehiago baztertu: «Ikusiko dugu aste honetan nola garatzen den egoera, baina ikastetxeak gizartearen islada izango dira. Gizartean gora badoa eragina ikastetxeetan ere izango du».