Udal txosten teknikoak Mercadona baimentzeko dio orain, postura aldatuta
Iazko azaroan lizentzia ukatu zion Lazkaoko Udalak saltokia irekitzeko proiektuari, baina Mercadonak jarritako errekurtsoa aztertuta, aldeko txosten juridikoa du. Ematera «behartuta» dago
Mercadona supermerkatu kate valentziarrak Lazkaon saltokia irekitzeko proiektuak erabateko bira izan du. Hasiera batean Lazkaoko Udalak baimena ukatu bazuen ere, txosten juridiko berri baten arabera indarrean dauden lege-baldintzak betetzen ditu, eta administrazio prozedurarekin jarraitzeko aukera du.
Uda bukaeran, EH Bilduk kalean jarritako oharrekin iradoki zuen udal baimena izango zuela. «Alfonbra gorririk» ez jartzeko eskatu dio udalari; «gure herrian ez dugu Mercadonarik eta horrelako saltoki handirik nahi».
Gaiari buruz Lazkaoko alkate Kepa Zubiarraini galdetuta, txosten guztiak «aldekoak» dituela argitu du, eta, araudia betetzen bada, «lizentzia ematera behartuta» dagoela udala.
Udalak, hasiera batean, Mercadonak Hiribarren kalean saltokia eta aparkalekuak eraikitzeko baimen eskariari ezezkoa eman zion, 2019ko azaroan. Enpresak errekurtsoa jarri zion erabakiari, eta helegitearen azterketaren ondotik iritsi da aldeko erabakia.
«Udal arkitektoak eta aholkulari juridikoak errekurtsoaren azterketa burutu ondoren idatziriko txostenaren arabera, Mercadonak jarri nahi duen jarduera bat dator Lazkaoko Arau Subsidiarioekin eta merkataritza-gune handien antolamendua arautzen duen 10/2019 legearekin. Txosten guztiak aldekoak izan dira, eta, ondorioz, beste hainbat baimen sektoriali kalte egin gabe (Urak, foru aldundiko Azpiegituretako baimenak…), hasitako espedientearen administrazio-izapidearekin aurrera jarraitzeko aukera jakinarazi zaio Mercadonari», azaldu du Zubiarrain alkateak.
Lientzia ematera behartuta
Supermerkatu hori eraikitzearen proiektua herriko nahiz EAEko legeetan onartuta dagoela eta, behin zerbitzu juridikoek errekurtsoa aztertuta, argi berdea izango du Mercadonak. «Gogoratu behar da proiektu bat baimentzea edo ez baimentzea jarduera arautua dela, eta ez erabaki politikoa. Araudia betetzen bada, lizentzia ematera behartuta dago udala», dio alkateak.
Bestetik, aurrekariak ere gogora ekarri ditu alkateak. Lazkaoko industrialdeetan 2.000 metro koadro baino handiagoko merkataritza jarduerak ahalbidetzea udalbatzak aho batez 2017ko apirilaren 25eko osoko bilkuran hartu zuela gogorarazi du. Hiri Antolaketako Plangintzan aldaketa puntual bat egin zen orduan, eta Mercadonak helduleku horri eutsi zion, bi urtera.
«2017an, udal honetako zinegotzi guztiek aho batez hartutako erabakiak ahalbidetu dio Mercadonari Lazkaon bere proiektua gauzatzeko aukera izatea». EH Bilduren idatziari buruz, zera gehitu du: «Ez dezagun herritarra nahastu, eta gutxiago engainatu. Iritziz aldatzea zilegi da, noski, baina izan zaitezte 2017an hartutako erabakiarekin kontsekuente».