Zaldibiako Udalak dio "egoera kezkatzeko modukoa" dela
Koronabirusa herrian gehiago zabaldu ez dadin neurriak hartzeko deia egin die herritarrei. Juntadizoak atzeratu eta distantzia fisikoak handitzeko eskatu du. "Gure artean zaintzeko garaia da"
Zaldibiako Udala kezkatuta agertu da koronabirusak herrian izan duen eragina dela eta. “Egoera kezkatzeko modukoa” dela eta “koronabirusa herrian gehiago zabaldu ez dadin” neurriak hartu behar direla azaldu du. Koronabirusa “gero eta etxe gehiagotara” iristen ari dela diote, “gehienetara, lanetik eta familia edo lagunarteko harremanetatik”. Datu ofizialen arabera, Zaldibian 34 kasu daudela azaldu dute, eta “kopurua goraka” doala egunez egun.
Udalak salatu du Osakidetzaren partetik ez duela “inongo informazio ofizialik” jasotzen. “Herritarroi eskerrak datuak ofizial egiterako jakin ohi ditugu. Azken bi asteetan, 100 herritar baino gehiago konfinaturik daude edo egon behar izan dute”.
Hori guztia ikusita, herritarrei beraien kabuz neurriak hartzeko eskatu diete. “Datozen bi asteetan gutxienez, elkarrengandiko distantzia fisikoak handitzeko eskaera luzatzen dizuegu. Datuak gutxit arte, ezinbestekoak ez diren juntadizoak atzeratzea eskatzen dizuegu. Bazkariak eta afariak atzeratu eta familia nahiz gertuko lagunartean maskara erabili, eskuak garbitu eta distantzia fisikoa hartzea izango da gehien maite ditugunak zaintzeko modu bakarra”.
Zaldibiako Udalak argi du “bizitzak aurrera jarraitu” behar duela. Horregatik, “herriko eragile eta sektore ezberdinekin harremanetan” jarraituko dute, “egoera zail honetan herriaren bihotz taupadak jarraitu dezaten segurtasun neurri guztiak zorrotz beteaz”. Udalak, bere aldetik, “koronabirusaren herriko bilakaera geldiarazteko informazioa eta neurri zehatzak” eskatuko dizkio Osasun sailari.