Beasaingo kuadrillek eta familiek ere Euskaraldian izena eman dezakete
Harremanik gehienak lagun artean eta familian ematen direnez, taldeak Euskaraldian izena ematera animatu dituzte. Izen ematea erritmo onean doa. Hilabete falta da Euskaraldia hasteko
Aittu! Euskara Elkarteak herriko kuadrilla eta familiei Euskaraldian parte hartzeko aukera zabaldu die. «Familiak eta gazteak. Bi multzo horietara iritsi nahi izan dugu, edozein pertsonaren hurbileko sarea familia eta lagunak direlako», azaldu du Patxi Saez Aittu eskara taldeko kideak. «Aurtengo Euskaraldiaren berritasuna Aittuguneak dira, taldean euskaraz aritzeko guneak. Horri lotuta, pentsatu genuen familiak eta kuadrillak funtsean taldeak direla eta aukera hori eman behar genuela». Beasainen soilik dago aukera hau.
Erakundeen izena emateko epe ofiziala itxita dago jada. Beasainen, ia 200 entitatek eman dute izena, eta 1.182 arigune edo Aittugune sortu dituzte eta 2.685 herritar biltzen dituzte. Baina, kuadrillen eta familien ideia Aitturena denez, eurek kudeatzen dute eta ostiraletan Zubimuzu plazan jartzen duten postuan oraindik egin daiteke. Herriko eskoletan baita ere. Gainera, nahiz eta hamasei urtetik beherakoek Euskaraldian ezin duten parte hartu, Aittukoek gaztetxoentzako txapa bereziak diseinatu dituzte kuadrilla eta familia arteko dinamiketan ere parte hartzeko aukera izan dezaten. Gainerakoek, talde modura izena emateaz gain, banaka ere Ahobizi edo Belarriprest rolak hartu behar dute.
Izen ematea erritmo onean doa Saezen esanetan. «Egunero 20-25 izen emate jasotzen ditugu online bidez. Ostiraletan, formatu analogikoan, 50-60 izen emate izaten dira». Jada, 740 parte hartzaileren langa gainditu dute. «Kopuru polita da», aitortu du. Aurreko edizioko 2.500 lagunen marka hobetzeko bide onetik doaz, baina arduradunak ohartarazi du aurrekoan azken asteetan izen emate zaparrada izan zela. Aurtengoan ere hala izatea espero du, gehiago ahal baldin bada. «Sumatu dugu edizio honetan jende gazte gehiago ari dela izena ematen. Eta jende berria ere bai. Apuntatutakoen %20 inguruk duela bi urteko Euskaraldian ez zuen parte hartu», gaineratu du.
Saezek aipatu du ahoz ahokoa ongi ari dela funtzionatzen, eta mugikorretik mugikorrerakoa: «Izena ematerakoan, nahi izanez gero, telefono zenbakia eman dezakezu. Horiekin, Whatsapp talde bat sortu dugu informazioa elkarbanatzeko, eta zabalkunde handia izaten ari da». Adibide bat jarri du Saezek: «Herria girotzeko Euskaraldiko kartelak jarriko ditugu. 500 metro ditugu denera, eta lan dezente denez, herritarren laguntza eskatu genuen sakelakoaren bitartez. Lau laguneko lau talde egitea espero genuen, eta azkenean bikoitzak eman du izena». Eskertuta agertu da herritarren erantzunarekin.
Azaroaren 20ra arte
Euskaraldia hasteko hilabete falta da oraindik, eta azken unera arte eman daiteke izena. Gaur, ostiralero bezala, Zubimuzu plazan egongo dira Aittukoak 18:30etik aurrera. Herriko ikastetxeetan ere eman daiteke izena. Edo, bestela, www.izenematea.euskaraldia.eus webgunearen bidez edo Euskaraldiaren app bidez.
Txapak banatzen datozen asteetan hasiko dira. Izena ematerakoan helbidea zehaztu duenei etxera helduko zaie, posta bidez. Gainerakoei jakinaraziko zaie noiz eta nola jaso behar duten.
Azaroaren 20an hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa eta abenduaren 4an amaituko da, euskararen egunarekin batera. Bi astez euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzea da ariketa sozial honen helburua. Goierriko herri guztietan dago Euskaraldiko batzordea.