San Jose egoitzako egoera salatzeko elkarretaratzea, gaur
Elkarretaratzea deitu du gaurko ELA sindikatuak Ordiziako San Jose egoitzan bizi den egoera salatzeko. Ordiziako Plaza Nagusian izango da, 11:00etan.
Azken hilabeteetan itxita egon da Ordiziako egoitza, instalazioak egokitzeko eta hobetzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kabia erakunde autonomoak kudeatuta, koronabirusaz kutsatutako adinekoak artatzeko da iragan ostegunetik.
ELAk salatu du orain arte baino lan talde txikiagoarekin ireki dutela egoitza. COVID-19aren lehen kolpean «langilerik, baliabiderik eta egitura arkitektoniko egokirik ez zegoenez, bertan bizi ziren pertsonen %50a hil zen». COVID-19aren aurretik «15 erabiltzaile artatzeko hiru laguntzaile zeuden, orain solairu batean 18 lagunentzako hiru laguntzaile daude, beste batean 19 lagunentzako beste hiru eta beste batean 21 lagunentzako beste hiru, eta arratsaldean solairu bakoitzeko bat gutxiago». Gaineratu dute, txanda bakoitzean 58-60 egoiliarrentzat erizain bakarra egongo dela eta egunean 20 orduz ez dela medikurik egongo, eta horren guztiaren ondorioak «oso larriak» direla.













