Industriarako zabor bilketa tasaren irizpidea aldatu du udalak Olaberrian
Olaberriko Udalbatzak urriaren 22ko ezohiko osoko bilkuran onartu zuen 2021erako udal zergen eta tasen araudi berria, baita ordenantza fiskalari aldaketa batzuk egitea ere. Oro har, herritarrentzat zergak eta tasak ez dira igoko datorren urtean, izoztea erabaki baitu udalak. Salbuespena zaborra biltzeagatiko tasarena izango da, beste herri askotan bezala. Herritar arruntentzat ez da igoerarik izango: etxebizitzen zabor tasa urtean 112 euro mantenduko da, eta elkarte eta tabernena eta jatetxeena urtean 312 euroan.
Industriguneetako zabor bilketan, ordea, kobrantza modu berria aplikatuko du Olaberriko Udalak, urtarriletik aurrera. Sortzen den hondakin kopuruaren arabera ordaindu beharko dute industriek eta enpresek, errefusa-ontzien arabera. Orain arte, enpresako langile kopuruaren arabera kobratzen zen. Aurrerantzean, enpresak dauzkan errefusa-edukiontzi kopuruaren arabera ordainduko du. «Irizpide hori bidezkoagoa dela eta zabor gehien sortzen duenak gehiago ordaindu behar duen printzipioarekin bat datorrela uste dugu», dio udalak.













