Ordiziako hirugarren sektorea sustatzeko 4.650 bonu banatu ditu udalak
Herritarrek tokiko establezimenduei bultzada ematea du helburu, Ordizia Bizi Herria erosketa bonu kanpainak. Batu diren ia 90 establezimenduk bereizgarria dute kanpoko aldean
Hirugarren sektorea indartzeko helburuarekin, herritarren etxeko postontzian erosketa bonuak jaso dituzte, 4.650 bonu jarri ditu Ordiziako Udalak herritarren eskura. Abenduaren 31 arte egongo da bonuak erabiltzeko aukera, egun horretan amaituko baita bigarrenez abian jarri duten Ordizia Bizi Herria kanpaina.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ez du bere kezka ezkutatu eta bonu kanpainarekin bat egiteak duen garrantzia nabarmendu du: «Egoera zaila da baina ahalegina egingo dugu, inoiz baino gehiago, gure merkatariak eta ostalariak babesteko. Egin dezakegun onena herrian kontsumitzea da, eta horregatik dei egiten diegu herritarrei deskontu bonu hauek erabiltzeko atxikita dauden establezimenduetan».
Aurrekoan bezala, 20 euroko deskontu txartelak izango dira. Funtzionamendua ere herritarrentzat ezaguna da: bonuak lau zatitan banatuta daude eta bost euroko balioa izango du bakoitzak. 15 euroko balioa duen erosketara iritsiz gero 5 euroko deskontua lortuko da. Beraz, produktu batek 15 euroko balioa badu, ordiziarrak 10 ordaindu beharko ditu, eta beste 5 euroak, bonu bidez ordainduko dira.
Bakarka, binaka, hirunaka edo denak batera erabili daitezke bonuak, bezeroak erabakiko du nola eta non gastatu. Esan bezala, abenduaren 31 izango da bonuak erabili ahal izateko azken eguna.
Aukera zabala
Produktu oso desberdinak eskaintzen dituzten establezimenduetan erabili ahalko dira bonuak: ostalaritzan, edergintzan, arropa dendetan, burdindegietan, argazki dendetan, goxoki dendetan…
Bonuak non erabili zalantzarik ez izateko, establezimendu bakoitzaren erakusleihoan edo kanpoko aldean, kanpainaren ikurra edo bereizgarria egongo da jarrita.
Atxikitzeko baldintzak
Ordiziako erosketa bonuen programan parte hartzeko aukera izango dute bonuak hartu eta ordainketa modu gisa onartzen dituzten Ordiziako establezimenduek. Pertsona fisiko zein juridikoak izan daitezke, baina ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: jardueraren helburu nagusia kontsumitzaileari kontsumo produktuak, zerbitzuak eta ondasunak zuzenean saltzea izatea; Ekonomia Jardueren Gaineko Zergan alta emanda egotea; Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren ondorioz itxita egotea edo, irekita egon arren, fakturazioa %25 murriztea; Zerga betebeharretan, bai Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin eguneratuak egotea eta, hala badagokio, diru-laguntzak itzultzeko betebeharretan eta, azkenik, Ordiziako Udalarekin zorrik ez izatea.













