Zaldibian bere horretan geratuko dira udal zergak 2021ean, zaborrarena salbu
Etxebizitzei %7 igoko zaie hondakin bilketa, merkataritzari %11 eta ostalaritzari %14. Industriakoa ere igoko da. Goienerreko bazkide bihurtu da udala, eta energia-azterketa gauzatuko du
Gai ugariko udalbatzarra egin zuten ostegun iluntzean Zaldibiako Udalbatzako zinegotziek, telematikoki. 2021erako udal tasa eta zergen araudia aztertu zuten, batetik. Igoerarik ez dute jasango aurtendik, beste tokitan askotan bezala, hondakinen bilketa eta tratamenduaren tasak izan ezik. Iaz hasitako igoera mailakatuari eustea erabaki du udalak. «Aurten, tratamendu kostua handitu egin da, erraustegiak jarri dituen prezioengatik. Bestetik, industriako hondakinen kasuan, Mutiloako zabortegia itxi zenetik eta erraustegira eramaten direnetik, kostua seikoztu egin da», azaldu du Eztitxu Mujika alkateak.
Hala, etxebizitzei %7 igoko zaie hondakin bilketa tasa (atez atekoa dutenek urtean 115,63 euro eta etxoletan uzten dutenei 104,76 kobratuko zaie), komertzioari %11 (168,55) eta tabernei %14 (190). Hotel eta komertzio handiek urtean 400 euro ordainduko dute, eta industriek 589,25eko tarifa finkoa, gehi sortzen duten edukiontzi bakoitzeko gehigarri bat. Azken arlo horretan, «nabarmen» igoko da hondakinen tasa, «udalak horren kargarik har ez dezan».
EH Bilduko sei zinegotzien aldeko botoekin eta EAJren bi abstentzioekin onartu zen.
Irudi korporatibo berria
Zaldibian udaletxe berria «laster» bukatuta egongo denez, udalaren irudi korporatiboa aldatzeko bidea ere hasi dute. Oraingo udal armarriak koroa eta bi zaldi ditu. Aldaketak proposatzeko, udazken honetako herri-komunitateko ekimenak baliatuko dira. Herritarrek parte hartu ahalko dute, eta mahai bat sortu du udalak, alkatea, bi alderdietako zinegotzi bana, udal langile eta Herri Hezitzaileko herritar batekin. Prozesuan aterako den emaitza errespetatuko dela hitzeman du udalbatzak, aho batez erabakita.
Egiari Zor Fundazioaren mozioa ere onartu da. «Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei laguntzeko, biktima horien erreparazioa eta aitorpena tramitatzeko deialdia eta laguntza eskaintzeko konpromisoa hartzea eskatzen zitzaion Udalari», azaldu du alkateak.
Goienerreko bazkide
Klima aldaketari eta haren ondorioei aurre egiteko «erronkari» heltzeko, berriz, «txikitik» eragin beharra dagoela eta, udala Goiener kooperatibako bazkide egitea onartu zuten, aho batez, osoko bilkuran. Energia kontsumoari, izaerari eta erabilerari buruzko lehenengo azterketa bat eskatuko dio udalak Goienerri, bestetik. «Udal erainiketan eta azpiegituretan energia berriztagarria sortzeko aukerak ikertuko ditu irabazi asmorik gabeko kooperatibak datozen hilabeteetan».
Galde-erreguen atalean, EH Bilduk kritikatu du COVID-19agatik zaldibiarrei eta ordiziarrei egindako proba masiboen emaitzetan «oinarrizko informazioa» falta dela, Osasun Sailaren txostenean. Bestetik, EAJk dio udalak ezin dituela herritar kutsatuak jakinaraztera behartu, hondakin bilketaren harira. Alkateak erantzun du ez dituela derrigortzen, eskatu baizik.