Bederatzi hitz eta ipuin bat
Ekaitz Goikoetxeak Ondarroako nanoipuin lehiaketa irabazi du; 'Hamaika ikusteko jaio eta makina bati begira hil zen'. 53 karaktererekin istorio oso bat kontatu du sortzaile beasaindarrak
Txio batean istorio bat kontatzea ez da erraza, baina Ekaitz Goikoetxeak inork baino hobeto egiten du. Irabazi egin du Ondarroako Udaleko Euskara Batzordeak antolatzen duen nanoipuin lehiaketa, nahiz eta aitortzen duen «kasualitatez» hartu zuela parte. «Edozein sarik pozten zaitu, eta honek asko poztu nau. Beti da ederra norberaren lana aitortzea», dio.
140 karakteretan istorio bat kontatzea zen erronka. Goikoetxeari 87 sobratu zitzaizkion: Hamaika ikusteko jaio eta makina bati begira hil zen. Bederatzi hitz eta istorio bat. «Dirudiena baino gehiago kosta zitzaidan. Hitzak ondo aukeratu behar dira, esanahi handiena dutenak behar dira». Hitz gutxirekin asko esan behar da. «Hortxe dago nanoipuinaren benetako indarra».
Goikoetxeak hitz jokoekin eta kontrasteekin egin du jolas: jaio eta hil; hamaika eta makina bat; ikusi eta begira. Bizitzaren inguruko hausnarketa bat ere bada, bere txikitasunean.
Inspirazioa bilatu egin behar izan zuen arren, haria nahigabe topatu zuen: «Ikasleekin esaera zaharrak lantzen nenbilela hamaika ikusteko jaio ikusi nuen. Beste batean pasa egingo zitzaidan, baina lehiaketa buruan nuenez, hari horri tiraka hasi nintzen», aitortu du. Ondarroan lagunak dituenez beraiek bisitatzeko aitzakia gisa eman zuen izena, eta 57 ipuinen artean bere hautatu dute.
Txikian, eroso
Goikoetxearentzat ez da traba karaktere muga izatea, sintetizatzeko gaitasun handia duelako. Bertsolaritzari lotzen dio horretarako gaitasuna: bi kasuetan mugen barruan sortu behar da kontakizuna, eta amaieratik hasten da pentsatzen. «Ipuinek hasiera, gertaera eta amaiera bat behar dute. Ekintza bat gertatu behar da», dio. Hor bereizten dira aforismoetatik, ideia bat hitz gutxitan eta zehatz definitzen dituen esaldietatik. «Asko gustatzen zaizkit, eta tarteka ere idazten ditut».
Luzera jauzi egiteko asmorik ez du. «Nobela bat idazteak eguneroko lana eskatzen du, eta nik ez du horrenbeste denbora». Halere, laburrean idazten jarraituko duela dio. Eta irakurleak probatzera animatzen ditu. «Edonork du laburbiltzeko gaitasuna. Egiten lantzen da», borobildu du.













