Organo doinuek beteko dute eliza nagusia azaroko musika zikloan
Hiru kontzertuz osatuta, igandean hasiko da. Azaroan Musika programan txertatu dute aurtengo zikloa. Legazpiko elizakoa estimatua da organo jotzaileen artean
Eliza nagusiko edukiera 313 lagunera mugatuta, igandean hasiko da Legazpiko parrokiko seigarren organo zikloa. COVID-19aren pandemiak zikloa osorik eskaintzen uztea da antolaketaz arduratzen den Ainhoa Enatarriaga organo jotzailearen nahia.
Elizako organoa eta musika mota hori ezagutarazteko helburuarekin sortu zuen zikloa orduan Legazpiko parrokoa zen Iñigo Mitxelenak. Hura joandakoan, Enatarriaga organo jotzaileak hartu zion erreleboa.
Organoa, tresna konplexua
Enatarriaga legazpiarrak oso ondo ezagutzen du parrokiko organoa, Rafael Gomez Zubietaren ondotik berak jotzen duelako elizkizunetan. Piano jotzailea eta irakaslea da Tobera musika eskolan, eta Legazpiko Santikutz abesbatzan pianoarekin laguntzen zuen garaian hasi zen organoa jotzen. Donostiako kontserbatoriora jo zuen gero, organoa ikastera, pianoarekin alderatuta oso desberdina delako; biek teklak dituzte, baina pianoa harizko eta perkusiozko tresna den bitartean, organoa haizezkoa da. «Organoaren mundua oso interesgarria eta konplexua da, eta bere zailtasunak ditu jotzeko garaian», dio musikariak. Legazpikoak bi teklatu ditu, bakoitza 61 teklarekin, 22 erregistro eta erregistro bakoitzeko 61 tubo, pedalak… «zenbat soinu diferente atera daitezkeen!».
Organo horren kalitatea goraipatzen du Enatarriagak, eta horrekin batera, elizaren akustika ona, «egurrezko zorua du, eta soinua borobildu egiten du, askoz ere goxoago bihurtzen du». Hori dela eta, «oso gustura» geratzen dira organoa jotzera etortzen diren musikariak.
Azarokoan musika
Aurtengo organo zikloa maiatzean izan beharrean, Azaroan Musika programan txertatuta dator, hiru kontzerturekin: hilaren 8an Esteban Elizondok joko du, 15ean Loreto Fernandez Imazek Ainhoa Zubillagaren ahotsaz lagunduta, eta 22an, Ignazio Arakistainek Pello Irigoien txistulariarekin batera.
Hilaren 21eko Goiz Deia txistularien eta Kittu taldearen kontzertuak, 22ko txistularien kalejirak eta 29ko Legazpi Musika Bandaren kontzertuak osatuko dute aurtengo Azaroan Musika.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Igandeko kontzertua
Esteban Elizondoren kontzertuarekin hasiko da igandean zikloa, parrokian, 19:00etan.
Esteban Elizondok piano eta organo ikasketak amaitu zituen Donostiako kontserbatorioan eta Vienako Goi Mailako Musika Eskolan jarraitu zuen organoa ikasten. Alor pedagogikoa eta artistikoa landu ditu ondoren, eta Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko organo katedradun eta zuzendari izan da. Organoari buruzko ikerketak ere egin eta argitaratu ditu, eta hainbat sari jaso ditu. Partitura ugari ere argitaratu ditu eta 20 grabazio baino gehiago egin ditu.
Igandeko kontzertuan, Juan Sebastian Bach, Felipe Gorriti, Nemesio Otaño, Tomaas de Elduayen, Eduardo Torres, Jesus Guridi eta Tomás Garbizuren piezak joko ditu.
Aurrekoen elementuak gorde dituen organo erromantiko interesgarria
Legazpiko elizako organoa ondare elementu garrantzitsua da, eta musika tresna interesgarri gisa dago sailkatuta Euskal Herriko organo erromantikoen artean.
Parrokian birmoldaketa lanak egin ziren 1958-1962 artean, eta bigarren solairu bat eraiki zuten koruan; koruko lehen solairuan, albo batean zegoen organo zaharra desmuntatu eta goiko solairura eraman zuten orduan. Organo zaharra 1905ekoa zen, Aquilino Amezua Jauregik egindakoa eta Mendizabal familiak parrokiari oparitutakoa. 30.000 pezetako balioarekin, hiru teklatu zituen. Aurretik beste organo bat segoen, 1730 urtekoa, eta horren aurrealdea eta hainbat erregistro gorde zituen 1905ekoak.
Gaurko organoak aurrekoen hainbat elementu jaso zituen: bi hauspo, pistoiak eta 1905ekoaren ia tutu guztiak. Amezua eta Ciak egin zuen birmoldaketan, transmisio mekanikoaren ordez neumatikoa jarri zioten, erregistro berriak gehitu zizkioten eta kontsola, kaxa eta aurrealde berria egin zioten, koru berriko arkuari egokitzeko. Katalina Segurak hartu zuen bere gain lanen 550.000 pezetako kostua. Harrez gero, mantenimendu eta garbiketa lanak egin dizkiote.