Tabernarik gabeko egunak
Tabernek ateak itxita dituzte atzo, gaueko 23:00etatik. Gaur, 17:00etan, manifestazioa egingo dute Zumarragan, 'SOS ostalaritza' goiburupean. Legazpin bihar, 18:30ean egin dute deialdia, Euskal Herria plazan eta Beasaingo Bareak elkarteak elkarretaratze isila deitu du astelehenean. Tabernariak haserre eta kezkatuta daude.
Gauerdian sartu da indarrean sartu da, Eusko Jaurlaritzak COVID-19 gaitzaren hedapena saihesteko hartu duen neurri berria: tabernak eta jatetxeak ixtea alegia. Ondorioz, Goierri tabernarik gabe esnatu da, eta tabernariak haserre eta kezkatuta daude jaurlaritzaren azken erabakiarekin. Ostalaritza sektorea oso kritiko azaldu da, jaurlaritzak ez duelako oraindik laguntza planik zehaztu eta ondorioz, taberna ugari itxiko direlako. Gaur, 17:00etan, Zumarragan manifestazioa deitu dute Piruloko plazan ‘Sos Ostalaritza’ goiburupean. Bihar, Legazpin, 18:30ean elkarretaratzea egingo dute Euskal Herria plazan eta astelehenean Beasainen Erauskin plazan, 13:15etik 14:00etara, Bareak merkatari elkarteak deituta.
Ostalaritza Elkartearen esanetan, erabakiarekin “etsita eta haserre” daude, eta askorentzat “azken kolpea” izango dela nabarmendu du. Gipuzkoako ostalarien ustez, epe motzera 1.000 lokal itxiko dituzte, eta lanpostuen % 25 galduko da, hau da, 16.000 lanpostu. Sektorea babesteko neurri zehatzak eskatu dituzte.
Horrekin batera, erabakia “bidegabea” dela uste dute, tabernetan eta jatetxeetan segurtasun neurri guztiak betetzen dituztelako eta “frogatuta” dagoelako tabernak ez direla kutsatzeen foku garrantzitsuenak izan.
Beasaingo Plazape tabernako Felix Huizik ez du ulertzen bat-batean tabernak ixteko hartutako erabakia. “Segurtasun neurri guztiak hartzen ditugu. Jendea gainera ohitura dago neurri berrietara. Barruan eskatu eta kanpora ateratzen da, esertzera, eta erretzekotan, Kanpoan erretzen du jendeak. Errazena tabernak ixtea dela dirudi, arazoa horrekin konponduko balitz bezala. Amorragarria da. Begiratu dezatela beste toki batzuetan nola dauden gauzak, ez bakarrik gure sektorean”.
Oraingoz, gainera, taberna ixteagatik laguntzarik ez dute finkatu erakundeek. “Bat-batean izan da eta oraingoz ez dago ezer ere zehaztuta”. Ondorioz , bigarren itxialdiri eustea zaila izango dute taberna eta jatetxe askok: “Lokalen jabea izanda, eutsiko diozu baina alokairuan dagoena gaizki ibiliko da, aurretik ere itxita egon ginen eta”.
Azken tragoa
Atzoko iluntzea eta gaua berezia izan zen. Eguraldia lagun, terrazak jendez gainezka izan ziren. Pixka batean, azkeneko tragoa eta otordua hartu zuten askok. Huiziren esanetan, “atzo iluntze-gauean jende asko ibili zen, mundua amaitzera zihoala ematen zuen. Jendeak animoak eman eta elkartasuna adierazi zizkiguten”.