Balkoietatik, bankuetara
Pasa den osteguneko neurri murriztaile berriak jakitera eman ondoren, asko aldatu da herritarron asteburuetarako plana. Kalera irteten diren batzuk paseatzen ibiltzen dira, beste asko, ordea, bankuetan eserita.
Ostegunean iragarri zituzten neurri murriztaileetatik, nabarmenenak ziur aski, 22:00etarako etxeratze agindua eta tabernen itxiera izan dira. Herritarron bizimoduek, beste behin, eraldatzeko beharra jasan dute. Martxoko erabateko itxialdian, balkoiak bilakatu ziren etxeko leku preziatuenak eta orain ez bezala, bankuetan eserita egotea galarizita zegoen. Egungo egoeran ordea, herriko kaleak paseatzeko edota bankuetan elkar biltzeko baliatu dira. Okindegietan eramateko kafea eskatu eta bankuetan eseri direnak ere egon dira. Horrez gain, larunbatean, janari dendetako ilarek nabarmen egin zuten gora eta aspaldian ikusi gabeko distantzia tarteak mantendu ziren bezeroen artean. Bestalde, bakarka kirola egiteko musukoa nekez jantzi dutenak ere egon dira; nahiz eta, ostiralean argitaratutako dekretuan arau hori jasota egon.
Eusko Jaurlaritzak aste honetan indarrean jarritako neurriak direla-eta, gutxienez azaroa amaitu arte arau berri horiek barneratu beharko ditugu, kontsumo ohiturak aldatuz.