Euskaraldirako prestatzen hasi dira Olaberrian ere
Euskaraldiari begira bideo bat osatu dute herritarrek Udalaren laguntzaz. Bideoaren xedea Olaberriko egoera soziolinguistikoa erakustea da.
Iaz, Euskararen Eguna ospatzeko, euskararen jatorriaren inguruko erakusketa bat egin zuten Olaberrian. Herriko errealitatea kontuan hartu zuten horretarako, atzerritarrei arreta berezia eskainiz. Bertan sortu zen aurtengo bideoa egiteko ideia. Aurreikusitakoa betez eta errealitate, identitate eta erlijio ezberdinak oinarritzat hartuz, hiru profil ezberdineko euskaldunak izango dira gaur goizean grabatutako Euskaraldiaren bideoko protagonistak. Batetik, Espainian jaiotako euskal hiztuna; bestetik, Olaberrian jaiotako neska gazte bat; eta bukatzeko, herriko eskolan ikasten duten atzerriko lau seme-alaben ama.
Aurtengo ezohiko egoera dela-eta, ekintza jendetsuak alde batera utzi eta grabaketa txiki bat egitea erabaki zuten. Urretxuko Gattiken enpresarekin egin dute grabazioa. Aitor Urkiola Euskara Batzordeko zinegotziaren esanetan, herriari begira ez ezik, Euskal Herriari egindako ekarpen bideoa izango da gaur grabatutakoa.
Horrez gain, Udaletik zabaldu duten oharraren arabera, Ahobizi eta Belarriprest txapak eskuragarri egongo dira datozen egunetan. Izena emateko guneetan edo udaletxean jaso ahal izango dira. Jarraian ordutegia:
- Azaroaren 13an, herri gunean: 18:30/20:00.
- Azaroaren 15ean, herri gunean: 12:00/13:30.
- Azaroaren 19an, herri gunean: 18:30/20:00.
Mahai horietan ere, Euskaraldiko musukoak jarriko dituzte salgai, 2 euroren truke.