Jentilbaratza ipuin lehiaketa abian da, Goierriko gaztetxoei irekita
Seigarren urtean jarraian, Jentilen Baratza ipuin eta marrazki lehiaketak antolatu ditu Ataungo Jentilbaratza kultur elkarteak, mitologia haurrei eta gaztetxoei iritsarazteko ekimen modura. Hiru lehiaketa izango dira denera, bi eremutako hartzaileentzat eta adinka bereizita.
Batetik, Ataungo haurrek parte hartzeko, marrazki lehiaketa dago. Sei urtetik hamabira arteko ataundarrek egin dezakete. Azaroaren 19an eta 20an gauzatuko da, Joxemiel Barandiaran Ikastetxean, arratsaldeetan. Hiru adin talde bereizi dituzte.
Bestetik, Ataungo umeentzat ipuin lehiaketa dago. Sail batean LHko 1, 2, 3 eta 4 mailak sartuko dira, eta bestean LH 5 eta 6koak. Abenduaren 18rako eman behar dituzte idazlanak.
Goierrin zabaldu nahi
Azkenik, eskualde osorako deialdia egin du Jentilbaratzak, aurten ere. DBH1 eta 2. mailetako ikasleek parte har dezakete. Sariketa bakarra izango da, eta lanak abenduaren 4rako entregatu behar dituzte.
Bereziki, azken deialdi hori nabarmendu dute antolatzaileek. Ikastetxe batzuen bidez herri batzuetan partaidetza izaten da, baina Goierri osora zabaldu nahi dute, eta gaztetxo goierritarrak animatu dituzte.
Euskal mitologiaren inguruko ipuinak egin behar dira, gehienez hiru orri. Torto, Etsai, lamiak, Marimunduko edo Samartintxiki agertu beharko dira.












