Marka berria Ordiziako azokarentzat
Produktu berriez gain marka berria aurkeztu du udalak, jasangarritasunaren eta feria biziberritzearen alde. Asteazkenero azokako produktuz osatutako poltsak zozkatuko dituzte.
Oso eguraldi oneko udazkena daramagu eta hori produktuetan antzematen da. Arantxa Zurutuzak aire libreko marrubiak (8 euroan kiloa) ekartzen jarraitzen du: «Aste batzuetan kiloa erdia ere eskas, baina orain arte astero-astero. Hasi, triste hasi ziren, baina gero landareak bizi berritu eta orain luzez ematen ari dira». Leka fresko askoak ere ikusi genituen Juanita Murgiondo mutiloarraren eta Patxi Arizmendi Aramakoaren postuetan (5 euroan kiloa). Tomateak ere negutegian, garai hau izateko poliki gorritzen direla aipatzen zuten, nahiz eta egun argia asko moztu beroa lagun.
Sagar zukua ekartzen hasi dira, Aldaba Zaharreko Diana Matarranz eta Gabiriako Oñatibi txikiko Jose Antonio Elosegi (3,5 euroan litroa). «Sagar mota asko nahasten dugu zukurako, gero Zalbidiako Goizanen (Uzaola elkartearen ekimenari esker) zukua egin eta pasteurizatu, 500 kilo da gutxieneko kopurua eta norberak ere lagundu behar izaten dugu eginkizun horretan», kontatu digu Jose Antoniok.
Azaburu berriak ere bai Montesenekoen sal mahaian. «Idi bihotza, errepoiloa esaten diogu guk», dio Patxi Izagirrek. Duela bi urte hasi ziren aza mota berri hau ekartzen eta oso harrera ona du, forma luzexka eta dotorea. Berez «Europa erdialdeko hazitik dator baina oso ondo egokitu da gure lurrera», aza gehienak bezala. Ez da alperrik aza bera aukeratua izan Ordiziako azokako marka berritzat, Manex Aranburuk (Goimen) aipatu bezala.
Poltsak opari
Ordiziako Udalak garai zail hauetan ordiziarrak eta bisitariak bertako eta garaiko produktua kontsumitzearen beharraz ohartaraztea du helburu nagusia atzo aurkeztu zuen ekimenaren bidez. Jasangarritasuna izango da giltzarrietako bat eta horretarako besteak beste azokako plastikozko poltsak alde batera uztea erraztuko du. Logo berria daramaten azokarako poltsak eta erosketa-orga berrerabilgarriak egin dituzte, azokan eta nonahi erabiliak izan daitezen. Atzo azokako erosleek txartelen bidez azokako produktuez betetako 4 poltsen eta beste hainbeste erosketa orgen zozketan parte hartzeko aukera izan zuten. Datorren asteazkenean berriz ere egingo da. Ordiziako Udalaren, azokako saltzaileen, Ordiziako ostalarien eta kontsumitzaileen arteko elkarlan dinamikaren hasiera izan da eta gehiago egiteko asmoa ere badute.