Goierritar bakoitzak kilometro bana egiteko deia, euskal presoen alde

Izan Bidea dinamikak hiru milioi kilometro osatu nahi ditu presoen eta iheslarien aldarria gizarteratzeko. Beasainen eta Ordizian txangoak antolatu dituzte kilometroak pilatzeko

Sarek, Izan Bidea dinamikaren barruan, Bidea gara, bidean gaude egitasmoa abiatu du. Herritarren aktibazioa lortzea da helburua, etorkizuneko ekintzetara batu eta presoen aldarriei bultzada emateko. «Presoen egoera ez da konpondu», dio Iñaki Lopez Castañares kolektiboko kideak. «Konfliktoa amaituko da albo-kalte guztiak amaitzen direnean. Eta orduan denok biziko gara hobeto. Hau ez da presoengatik, guztiongatik da», gaineratu du Goretti Larrañaga Arkotxa kideak. Etxetik kartzeletara dagoen distantzia irudikatzeko euskal herritar bakoitzari kilometro bat egiteko eskatu diote. Berdin du oinez, korrika, bizikletan… nola egin.

Goierri mailan Beasainen eta Ordizian antolatu dituzte mobilizazioak. Besainen 12:00etan elkartuko dira, Plazapean, eta Igartzara joan etorria egingo dute. Monumentu multzoan argazkia aterako dute. Musikarekin girotuko dute txangoa. Jendearen parte hartzea eskatu dute, maskara eta distantzia beharrezkoak direla azpimarratuta.

Ordizian, berriz, lau kilometroko ibilbide zirkular bat antolatu dute, Plaza Nagusian hasi eta bukatzen dena. Lehen itzulia 09:00etan egingo dute, trikitilarien laguntzarekin. Parte hartzaile bakoitzari kartilla bat banatuko zaio eta itzuli bakoitzaren amaieran zigilu bat emango zaio egindako kilometroen zenbatekoa kontrolatuta izateko.

Besteek aplikazio bidez

Ekimenean nork bere kabuz ere har dezake parte. Izan Bidearen app-aren bidez bakoitzak egindako kilometroak erregistratuta gelditzen dira.

Ibiltarien sarea

· Beasain. 12:00etan, Plazapetik Igartzara eta buelta. Ia lau kilometroko ibilbidea.
· Ordizia. 09:00etatik 19:00etara: Plaza Nagusia, Tximista sagardotegia, Altamira, suhiltzaileak, Malkasko, geltokia, Santa Marina kalea, Barrena, Plaza Nagusia. Lau kilometroko ibilbidea.
· Gainerako herrietan. IzanBidearen app-ren bidez egindako kilometroak erregistratu daitezke.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa