Etxe ondoko altxorrak (II)

Naturzalea ala urbanita?

Ordiziarrentzat Oiangu parkea da toki kuttunenetakoa, aisialdirako toki polita eta ikastoki ere badelako. Ibilbide urbanoak ere badaude Itsasondo, Arama eta Beasain aldera

Mugikortasuna herri mugakideetara mugatu dutenetik, bizitokitik gertu dauden ibilbideak bihurtu dira aisialdirako aukera onenetarikoak. Ordiziarrentzat Oiangu da leku kuttunenetakoa. Porlana atzean utzi eta mendiaren faltan, arnasleku paregabea da gertukoentzat. Xarma berezia izan du beti; igande edo jai egun bat pasatzeko, aire librean otordu bat egiteko, kirola egiteko edo paseorako toki aproposa da.

Ordizia herrigunetik, oinez, erraza da bertara iristea. Kotxez ere joan daiteke, eta parkearen sarreran aparkatu. Parkean sartu eta berdea nagusitzen da. Baina Oianguren parkeak baditu hainbat aberastasun, hain agerian ez daudenak, eta askorentzat, oraindik ezezagunak direnak.

Zuhaitz lepatuak eta putzua

Batetik, parkean sartu eta segituan ageri diren zuhaitz lepatuen basoa, balio ekologiko handia duena. Baina, zer dira eta zergatik dira hain baliotsuak? Behin eta berriz inaustuak izateagatik balio ekologiko handia lortu duten zuhaitz zaharrak dira zuhaitz lepatuak. Kudeaketa mota honengatik barrunbe, arrakala eta usteldura prozesu ezberdinak garatu dituzte. XIII. mendean zehar Euskal Herrian burdingintzak eta ontzigintzak hartutako garrantziaren ondorioz, egur eskaria areagotu eta zuhaitzak lepatzen hasi ziren. Ikazkinek zuhaitzak basoz baso lepatzen zituzten txondorra egiteko beharrezkoa zen egurra lortzeko. Beraz, Oiangu parkean aurki daitezkeen zuhaitz lepatuak ikazkinen bizimoduaren azken aztarnetakoak direla esan daiteke. Gaur gaurkoz, ikazkinen ogibidea desagertua dagoenez, zuhaitz hauek geroz eta urriagoak dira, baita eurekin estuki erlazionaturiko biodibertsitatea ere.

Bestetik, Altamirako putzua dago. Inguru hori berreskuratu eta ezagutarazteko lan egin du Aranzadi Zientzia Elkarteak azken urteetan, putzua eta bere inguruko fauna ezagutzeko irteerak ere antolatu izan dituzte. Natur Eskolak ere ikastoki du leku hau. Altamirako putzua, duela zenbait urte artifizialki sortutako gunea da, baina denborarekin habitat berezi bat sortu da putzu horren inguruan. Hala, landare urtarrak (altza, ihia, azeri buztana…) eta uraren eta hezeguneen inguruan garatzen den fauna (anfibioak, burduntziak, sorgin orratzak…) sortu dira bertan. Hori guztia dela eta, toki oso berezia da, biodibertsitate aldetik oso ezaugarri bereziak dituelako; kontuan hartu behar da gure inguruan ez daudela horrelako toki asko, eta berez daudenak, asko sekatu edo obrak direla eta desegin egiten direla.

Gaztaren ibilbidea

Oiangutik, abiatuta gaztaren ibilbidea ere egin daiteke, nahiz eta indarrean dauden mugikortasun mugengatik, ibilbide osoa egitea ez den posible oraintxe. Dena den, ibilbide horrek eskaintzen duen lagin batez gozatzea badago, Oiangutik Lazkaomendira eta Zaldibiako lurretan sartuta. Bista zoragarriak ditu ibilbideak: Txindoki, Aizkorri, Usurbe, Murumendi,…

Aralarko eta Aizkorri-Arazko Natur Parkeak lotzen dituen Ibilbide Luze (GR) zirkular honek gaztaren ekoizpenean dauden arlo desberdinak ikusteko aukera ematen du. Horretaz gain, burdinola eta meatze arrastoak, santutegiak eta elizak eta beste hainbeste giza eraikin ere ikusgai dira.

Urbanitentzat ere bada

Garai hauetarako beste aukera gustagarri bat da, ibilbide urbanoak egitea, bidegorri sarea baliatuta. Ordiziako herrigunetik, aukera ugari daude. Itsasondo aldera, Oria ibaiaren ondotik, San Juan auzoa zeharkatu eta kilometro batzuk egiteko aukera dago, oinez, korrikan edo bizikletan. Arama aldera egitea ere bada. Eta juxtu kontrako norazkoan, Beasain aldera.

Herri mugakideak

Herrian bertan dauden aukerez gain, herri mugakideetako altxorrez ere goza daiteke. Ordiziak, Goierriko bost herri ditu mugakide: Beasain, Lazkao, Zaldibia, Arama eta Itsasondo.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa