Gurutze Gorriak 150 haurrentzako jostailuak biltzeko kanpaina hasi du
Oparirik gabe gelditzeko arriskua duten haurren kopurua hazi egin da. Jostailuak berriak izan behar dira eta ez sexistak eta belikoak. Diru donazioak ere balekoak dira
Gurutze Gorriak Haien eskubideak jokoan kanpaina abiatu du Goierriko haur guztiek «belikoak eta sexistak ez diren jostailu berriak eduki ditzaten». Herritarren laguntza behar dute horretarako: bost, hamar eta hogei euroko bonuak atera dituzte; donazioak jasotzen dabiltza transferentzia eta Bizum bidez; eta, «gomendagarriena», jostailu berriak jasotzen ari dira Beasaingo Igartza Oleta kaleko bulegoan. Astelehenetan eta asteazkenetan 10:00etatik 13:00etara eta astearteetan eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara. Edonolako ekarpena eginda ere, Ana Lasarte Goierriko Gurutzeko Gorriko teknikariak abenduaren 10a baino lehen egitea eskatu du.
Arduradunek eskaria hazi egingo dela aurreikusten dute. «Janari banaketaren harira urtean zehar harremana izan dugun familiei aukera hau dagoela aipatzen diegu gabonak iristerakoan. 100 haurrek jaso zuten opariren bat iaz donazioei esker. 150 izango direla gutxi gorabehera kalkulatzen dugu aurten». Zero eta hamasei urte bitarteko haurrentzat zuzendutako eskaria da, pobreziak gabonak zapuztu ez diezaien.
Teknikariak jostailuak berriak izan behar direla azpimarratu du. Iraganean bigarren eskuko jostailuak jasotzen zituzten, baina gaztetxoen ilusioa ez zela horrenbestekoa aipatu du. Aurtengoarekin zazpi urte egingo dituzte jostailuak biltzen. Halaber, jostailuak ezin dira belikoak eta sexistak izan. «Txiki-txikienentzako, zero eta hiru urte bitarteko haurrentzako, euren zentzumenak estimulatzen dituzten jolasak izaten dira aproposenak: ukitzeko goxoak, soinuekin, argiekin…», eman du ideia bat Lasartek. «Helduxeagoentzat, berriz, mahai jolasak eta muntagarriak dira ohikoenak». Halere, bestelako jolasek ere balio dute. «Badaude umeak baloiak edo panpinak eskatzen dizkigutenak».
Olentzerok jasoko ditu
Familia bakoitzari bina opari eskaintzea da helburua, horrenbesterako behintzat jasotzen badute. Seme-alaba bakoitzaren fitxa egiten dute arduradunek zein opari eskertuko duen gehien ebazteko, eta gurasoak jasotzera pasatzen dira gabon gauaren aurretik. «Denda txiki baten modukoa egiten dugu jasotako guztiarekin. Gurasoei eskatzen diegu haurrik gabe etor daitezela, Olentzeroren eta Mari Domingiren edo Errege Magoen magia apurtu ez dadin», aipatu du arduradunak. «Guraso gehienek asko eskertzen dute seme-alabei zerbait oparitu ahal izatea. Denontzat da berezia». Familiaren batek zerbitzua behar badu Gurutze Gorriarekin jar dadila harremanetan.
GEBek 755.000 euro bildu ditu, iaz baino %6 gehiago
Gipuzkoako Elikagai Bankuak 755.000 euro baino gehiago bildu ditu pasa den astean egindako Bilketa Handian. %6 hazi da herritarren erantzuna iaztik. «Uste dugu pertsona bakoitzeko elikagai kopuru bera banatu ahal izango dugula», azaldu du Belen Mendez de Vigo elikagai bankuko presidenteak. «Beharrak dituzten pertsonen kopuruak nabarmen egin du gora, baina jendearen elkartasunak ere bai. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, lagundu diguzuen guztiei».