Hiru herri lotu ditu Goierriko ostalarien, merkatarien eta zerbitzuen aldeko manifestazioak
Lazkaotik Beasainera abiatu dira manifestariak. Beasaingo plazan zeudenekin bat egin eta bertatik Ordiziara joan dira. Datorren larunbatean, Beasaingo plazatik Ordiziako plazara izango da manifestazioa.
Goierriko ostalaritzaren, merkataritzaren eta zerbitzuen aldeko manifestazioa egin dute gaur, hiru herri batuta, sektoreek bizi duten egoera salatzeko. Lazkaotik irten da lehenengo manifestari-taldea, 17:00etan. Beasainen beste talde batekin elkartu dira Lazkaotik irtendakoak, eta Beasaindik Ordiziara abiatu dira. Ordiziako Plaza Nagusian amaitu da protesta.
Manifestazio zaratatsua izan da. Hiru banaketa kamioi joan dira aurrealdean, eta hainbat manifestarik lapikoak jo dituzte ibilbidean. Hainbat pankartaren bidez sektoreen aldeko laguntzak eskatu dituzte. Bestalde, Urretxu eta Zumarragan ere ostalaritzaren aldeko manifestazioa egin dute gaur.
Datorren larunbaterako ere mobilizazioak deitu dituzte Goierri beheko ostalariek: Beasaingo udaletxetik Ordiziako udaletxera egingo dute manifestazioa abenduaren 5ean, 18:00etan.