Israelen "konplize" izateari uzteko eskatu diote CAF enpresari
Palestinar herriarekiko nazioarteko elkartasun egunaren bezperan eta BDS mugimenduak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian CAFeko sarrera nagusian.
CAFek egingo du Palestinako lurralde okupatuan Jerusalem eta Palestinako kolonia ilegalak batuko dituen tranbia, langile batzordeak aho batez enpresari lehiaketan parte hartu ez zezala eskatu bazion ere. Horren harira, eta Palestinar herriarekiko nazioarteko elkartasun egunaren bezperan, elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, BDS Boikot, Desinbertsio eta Zigorren mugimenduak deituta.
Beasaingo CAFen 12:00etan izan da elkarretaratzea, sarrera nagusian: “Herri palestinarrak 70 urte baino gehiago daramatza Israelgo Estatuaren sorrerari eta sionismoari aurre egiten”, salatu dute. Potentzia handien eta enpresa multinazionalen “konplizitate eta laguntzarik gabe” Israelgo erregimenak indarra galduko lukeela gehitu dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren erantzukizuna ere salatu dute: “EAEk akzioak ditu CAFen eta ziurtatu beharko luke diru publikoak, gure diruak, ez duela Israel babestuko palestinarren lurrak legez kanpo okupatuta”.
Egoera horretan, herri palestinarraren aldeko elkartasuna hartzea “ezinbestekoa” dela adierazi dute: “Euskal erakunde eta eragileei, hala nola CAF enpresari, Israelen kolonizazioaren konplize izateari uzteko exijitu behar diogu, Palestina ez baitago bakarrik eta sionismoaren konplize ez den Euskal Herria nahi dugu”.