Euskadi Brass taldeak barrokoan zehar bidaia musikala egingo du
Osasun murrizketen ondorioz, hainbat jardueratako datak aldatzen ari dira, eta hori izan da, hain zuzen ere, Barroko Aire zikloaren kasua; izan ere, azaroan ospatzen den arren, aurten bi kontzertu egingo dituzte abenduan. Igandean, hilak 6, izango da hurrengo kontzertua; musika barrokoaren aurtengo egitaraua itxiko duena, berriz, hilaren 13an.
Igandean beraz, musika barrokoarekin hitzordu berri bat dute musikazaleek, Ordizian egiten den musika ziklo honetan ezagun den talde batekin; Euskadi Brass taldearekin hain zuzen.
Barrokoko eta berpizkundeko estilo desberdinetatik igaroz, denboran zeharreko bidaia musikala izango da igandekoa, Bachetik Bachera goiburupean.
Gonbidapenak
Aurreko kontzertuetan bezala, edukiera mugatua izango da, dagozkion segurtasun neurriak bermatzeko eta kontzertuetarako gonbidapenak jaso behar dira Barrena Kultur Etxean (943 80 56 30).













