Herri Baratza proiektuko bi baratzetarako deialdia ireki du Ezkioko Udalak
Ezkioko Udalak herri baratzean libre geratu diren bi baratzetarako deialdia ireki du. Herri Baratzak proiektua 2014an jarri zuen martxan udalak, alkateak ohar baten bidez adierazi duenez, «pertsonen osotasunerako topalekua» izateko helburuz.
«Bizitza osasuntsu baterako oinarriak» eskaini dituzte azken sei urteotan baratzaren proiektuaren bidez, naturarekin harremanean «batzuk besteengandik ikasi eta erakusteko aukera» izan dute parte hartu duten ezkiotarrek eta aisialdi aktiboa sustatzeko urratsak ere eman dituzte.
Bi baratza horien hutsunea betetzeko deialdia abenduaren 23ra arte egongo da zabalik, hau da, ordura arte izango dute aukera interesa dutenek izena emateko, udaletxean.
Ezkiotarrei bideratuta
2014an jarraibide eta baldintza batzuk zerrendatu zituzten proiektuari hasiera ematearekin batera. Baldintza horiek 2014ko abuztuaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren. Ezkion erroldatua egotea ezinbestekoa izango da, partzelak alkatetzak esleituko ditu eta kontzesioa 2 urterako izango da, urtero luzatzeko aukera izanik. Gehienez ere, 10 urtez luzatu daiteke. Kontzesioa lortzen duenak ezin du inbertsiorik egin: bertakoa ez den beste ezer sartzerik ez dago, ez bidoirik, bainu-ontzirik edo ezta aulkirik ere.













