Egunean behin eta sasoi osoan onena, Egiguren
Mikel Egiguren ataundarrak irabazi du Egunean Behin joko birtualean bosgarren denboraldia. Etxean bigarren saria dute jarraian, aurrekoan Eider Zumaldek lortu baitzuen. Bigarren, Mikel Sarriegi beasaindarra.
Euskararen unibertsoan gutxik bezala hedapena lortu duen Egunean Behin jokoak goierritar izaera du. Bai saridun orokorrei dagokienez, behintzat. Igandean bukatu zen sakelako telefonoekin jokatzen den sareko jolas birtualaren bosgarren denboraldia. Mikel Egiguren ataundarra izan da 84.975 partaideren artean onena (2.987,10 puntu), bigarrena Mikel Sarriegi beasaindarra (2.943,74), eta hirugarrena Aitor Oiarbide Ariznabarrako txekorra gasteiztarra (2.935,33). Atzo jaso zituzten sari nagusiak, Donostian, Codesyntax enpresa kudeatzailearen eta babesleen eskutik.
Hamabi aste iraun du denboraldiak, eta puntuazio oneneko bost hartu dituzte kontuan azkeneko konturako. Jarraikortasunez 60.000 partaidek jokatu dute. Egundoko puntuaketa eta konstantzia izan ditu Egigurenek. Aste kaxkarrena, 530 punturekin bukatu zuen. Top-5ekoak, 585etik 622ra. Sasoi honetan bi astetan izan da lehenbizikoa.
Izatez, etxekoa dute meritua, Egigurenek Eider Zumalde emazteak bien artean egiten baitute, iluntzero, hamar galderako probatxoa. «Eider bikotekideak eta biok batera egiten dugu, entretenimendua izaten da gure etxean», azaldu du Egigurenek.
Bi sari jarraian etxera
Ez dute nolanahiko taldea osatzen. Izan ere, laugarren denboraldia, uztailean bukatu zena, Eider Zumaldek irabazi zuen. «Hurrengoan saiatuko gara ez irabazten», dio, barrez, Egigurenek. «Ez, behin hasitakoan, zaila ez da hori», aitortu du jarraian.
«Satisfazio puntua bada, hainbeste jendek parte hartutako lehiaketa bat irabaztea. Tribial jokoan ere gustura ibiltzen nintzen garai batean. Hau gure ingurukoa da, euskal gaiekin lotutakoa, eta ondo moldatu gara», azaldu du Egigurenek.
Kiroleko galderekin aise moldatzen da, gustuko ditu eta. Matematikako eragiketak ere erraz ateratzen ditu irakasleak. «Banderak ere gustatzen zaizkit, txikitatik». Eta abiadura, noski, dohain baliotsua da. Partidaren errekorra 22 segundoan du irabazleak. Oroimen ona duela eta zortea ere behar dela dio; baina jakintzaren atzetik.