Nagore Amenabarrok konstelazio bat margotu du Urrelur museoan
Nagore Amenabarro artista amezketarrak konstelazio bat margotu du Urrelur museoko zoruan eta koaderno bat diseinatu du. Koaderno hau museora doazen guztiek eskura dezakete.
Amenabarrok aldundiaren Labore bekarekin garatu du egitasmo hau. Proiektua museo batean garatu behar zuen, obra museo horretarako diseinatua izan behar zen, eta Amezketako artistak Urretxuko Urrelur museoa hautatu zuen. Urretxun garatu duen egitasmoari Mika izena eman dio.
Konstelazioa eta koadernoa gaur aurkeztu dituzte Amenabarrok berak eta Maialen Fidalgo zinegotziak. «Bi lanek museoko espazio zehatz ba dute abiapuntutzat: argi fluoreszentea islatzen duten mineralen gunea. Lehen bisitatik izugarri gustatu zitzaidan txoko hori», esan du artistak.
Lurrean margotu duen konstelazioari dagokionez, museoaren isla da: bertan ere objektu asko ageri dira. Batzuk ezagutzeko errazak dira eta beste batzuk beraien natura iradoki besterik ez dute egiten, ikusleari utziz osatze lana.
Koadernoaren azala egiteko, berriz, bere lanez baliatu da. Azalean ageri diren argazkiak laborategi bateko prozesu kimikoen ondorioz sortu dira. Argia da horretarako erabili den elementua. Mineralek ere argiarekin lotura estua dute.













