Zumarraga, Hollywood bezala

Zumarragako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia Egibide txukuntzen ari dira. Herriaren izena letra handiekin jarri dute eta 500 zuhaitz landatu behar dituzte datozen urteetan zehar.

Hollywood-ekoa munduko kartel ezagunena da, baina Zumarragakoa ere aurki oso ezagun egingo da, goierritarren artean behintzat. Aldundiak eta udalak 40.000 euro inbertitu dituzte Egibideko ingurumena hobetzeko eta bertan herriaren izena letra oso handiekin jarri dute.

Egibide herriaren sarreran dago, Eitza ondoan, Beasain-Bergara errepideko loturaren alboan. Lotura hau 2005ean egin zen eta mendia eusten duen hormaren ingurua zegoen bezala utzi zen. Udalak inguru hori txukuntzea erabaki du eta, horretarako, mendiaren magala garbitzeaz gain, herriaren izena osatzen duten altzairuzko letrak jarri ditu.

Datozen egunetan herriaren historiarekin lotutako altzairuzko lau xafla jarriko dira. Antiori, Legazpi dorretxeari, trenbideari eta saskigintza eta altzairugintzari buruzkoak izango dira. Aurrerago, herriaren izena eta lau xaflak argiztatu egingo dira. Gainera, 500 zuhaitz landatu behar dira. Aurrekontua 40.000 eurokoa da. Udala proiektua egiteaz arduratu da eta aldundiak obraren gastuak ordainduko ditu.

Egitasmoa atzo eguerdian aurkeztu zuten Jose Ignazio Asensio Ingurumen diputatuak eta Mikel Serrano alkateak.

Agintarien hitzak

Alkateak Zumarragak altzairugintzarekin lotura estua duela eta, horregatik, letrak eta xaflak altzairuarekin egitea erabaki dutela esan zuen. «David Panadero arkitektoaren eta Josu Etxaniz ingeniariaren proiektuak inguru degradatu bat txukuntzeko balioko du. Baita gure historiako ikurrak ezagutzera emateko ere. Zuhaitzetako batzuk Zuhaitz Egunean landatuko dira. Zuhaitz Eguna aspalditik antolatzen da eta haur jaio berrien gurasoek parte hartzen dute».

Asensiok egitasmo honetan haurrek ere parte hartzearen garrantzia azpimarratu zuen. «Etorkizun jasangarria nahi badugu, haurrak kontuan izan behar ditugu. 500 zuhaitz landatuko ditugu. Halako ekintzek klima aldaketari aurre egiten laguntzen dute».

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa