Aintzane Pujanaren hilketa gaitzetsi dute Lazkaon
"Autodefentsa feministarako" deia egiten dute, "gure bizitzak direlako jokoan daudenak eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugulako".
Lazkaoko Talde Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Lazkaoko plazan, Aintzane Pujanaren erailketa salatzeko. Talde feministaren esanetan, “2021. urtea gogor hasi da emakumeen kontrako biolentziari dagokionean. Beste behien ere, emakume bat eraila izan da Euskal Herrian. Aintzane Pujanaren hilketaren berri urtarrilaren lehen egunetan izan genuen, baina urtarrilaren 13ra arte ez dira bere hiltzaileak atxilotuak izan”. Honela, “Euskal Herriko mugimendu feministatik beste behin salatu nahi dugu biolentzia matxistaren pandemiak mendeak daramatzala gure mundu honetan. Inor ez da arduratzen berataz, baina gizartearen erdiari eragiten digu zuzenean eta ozen salatuko dugu ez gaudela prest gaitz gehiago jasateko. Feminismoa da daukagun antidoto bakarra eta gizarte guztian zabaltzen saiatuko gara”.
“Zaintza sareak beharrezko”
Bizi dugun osasun krisi honetan” biltzeko eta harremantzeko inoiz baino oztopo gehiago” badira ere, “mugimendu feministatik badakigu zaintza sareak ezinbestekoak direla indarkeria sexistari aurre egiteko, modu berriak bilatu behar izan ditugu harremanak zaintzeko, baina inoiz ez dugu indarkeriaren aurka borroka egiteko indarra galdu. Auren ere ozen esango dugu nazkatuta gaudela erasotuak eta erailak izateaz! Indarkeria sexistari aurre egiteko lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu”.
Era horretan, “autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugulako. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte. Erailketa matxistarik ez, Aintzane gogoan!”