Ostalariek Lazkaon egin dute manifestazio zaratatsua, laguntzak eskatzeko
"Herria bizirik nahi dugulako, berandu izan aurretik, laguntzak orain!" eskatu dituzte.
Lazkaon elkartu dira gaur eguerdian Goierriko ostalariak, herritar ugarik babestuta, manifestazio zaratatsuaren bitartez, bizi duen egoeraren aurrean erakundeei laguntzak eskatzeko helburuarekin. Amaieran irakurri duten oharrean gogoratu dutenez, “ostalariok ia urte bete goaz COVIDak sortu duen egoera latz hau jasaten, instituzioek hartutako erabaki gehienak guregan zuzeneko eragina izan baitute, itxierak, ordutegi eta edukiera murrizketak…”. Gainera, “azken aldi honetan, garbi ikusi da ostalaritzak gure herri eta kaleei bizia ematen diela, funtzio sozial garrantzitsu bat betetzen dugu. Birus hau tabernetan zabaltzen dela esaten digute behin eta berriz, errudun garela, kriminalizatu egin gaituzte, nahiz eta ostalaritza ixtea irtenbidean ez dela frogatu den, garraio publikoa, merkatal guneak… jendez gainezka dauden bitartean”.
Honela, gaur egun ostalaritza “gutxiesten ari direla” sentitzen dute, “enpresa handiak ukiezinak direlarik. Jarduera ekonomiko garrantzitsua gara eta gure lanpostuen alde borrokatzen jarraituko dugu, duintasunez lan egiten utzi ezean benetako diru laguntzak exijituz, eta ez, inongo limosnarik. Kontrakoa esaten diguten arren, dirua badago, baina hau erabiltzeko borondatea falta da”.
Irtenbiderik ez epe motzean
Gainera, egoera honen irtenbiderik ez dute ikusten epe motzean, eta “neurri murriztaile hauekin jarraitzeak, negozio asko ixtea ekarriko du, familia askoren miseria, Jaurlaritza eta udal gehienek beste alde batera begiratzen duten bitartean”.
Amaitzeko, “gu bezala egoera larrian aurkitzen diren merkatari, enpresa txiki, edonolako autonomoei… gure elkartasuna” adierazi nahi izan diete.