Zume gorriak landatu dituzte Zaldibiako Arkakako putzuaren inguruan
Arrantza-eskola eraiki zeneko egurrezko egiturak kendu ziren iaz eta eremu hau lehengoratzeko lanak hasi dituzte. 2021ean Zaldibiako baso habitata lehengoratzeko proiektu gehiago egingo dituzte.
Zaldibian baso habitatak lehengoratzeko ekintzekin jarraitzen dute. Gaur goizean, Arkaka aldeko Zentraleko putzuan iaztik hasita dauden lanei segida eman zaie. Zume gorriak landatu dituzte urtegiaren inguruan arrantza-eskola eraiki zeneko egurrezko egiturak kendu ziren tokian, eremu hau lehengoratzeko lanei hasiera emanez. Garazi Auzmendiren esanetan, leku hezeetan ondo moldatzen dena da zume gorria, eta urteko hainbat garaitan, urak hartuko duen eremua izango baita.
Animalia taldeentzat gune garrantzitsua
Bertako bioaniztasunari laguntzeko garrantzitsua izango dira gaur egindako landaketak; “ekologikoki betetzen duen funtzioa mesedetuko” baitu. Izan ere, Arkakako zentral hidroelektrikoan turbinatzen den ura errekara isuri aurretik biltegiratzeko urtegia (Zentraleko putzua), egitura artifiziala izan arren, hainbat animalia taldeentzat oso garrantzitsua da. Ibai karramarroak, anfibioak, saguzarrak… elikatzeko adibidez.
Baso Habitatak lehengoratzeko proiektuak ekintza gehiago ere biltzen ditu 2021. urterako.