Bartzelonari 39-5 irabazita, hirugarren dago Ampo Ordizia
Ampo Ordiziak puntuak gehitzen jarraitzen du. Bartzelonaren aurka jokatu zuen igandean, Altamira zelaian. Ordiziarrek, irabazteko aukera bakar bat ere ez zioten utzi talde katalanari. Errugbiko Ohorezko Mailako bederatzigarren jardunaldiaren amaieran, 39-5 erakusten zuen Altamirako markagailuak.
Iñigo Marotiasen jokalariak denak emanda aritu ziren lehenengo momentutik. Talde katalanak, nahikoa lan izan zuen. 50. minutuan markagailuak 39-0 emaitza garbia erakusten zuen. Azken minutuetan entsegu bat egitea lortu zuen talde bisitariak, eta hala, 39-5 izan zen emaitza.
Lander Mujika fin ibili zen, lau entsegu gauzatzea lortu zuelarik.
Igandeko garaipena oso garrantzitsua izan da ordiziarrentzat, etxean geratu diren bost puntuekin, hirugarren postuan kokatu baitira sailkapen nagusiko taulan, Alcobendas-en eta VRAC-en atzetik. Honi esker titulua eskuratzeko play-offean ia postu bat ziurtatzea lortu dute.
10. jardunaldia
Hurrengo jardunaldian, Santaderreko Silverstom El Salvador talde handiarekin neurtuko da Ampo Ordizia. Igandean, hilak 31, izango da, 12:00etan, Pepe Rojo zelaian. Bi punturen aldea dago bi taldeen artean: hirugarren da Ampo, 26 punturekin, eta laugarren da El Salvador, 28 punturekin.
Ostalariei babesa
Kirol kontuak alde batera utzita, aldarrikaperako tartetxo bat ere egin zuten igandean errugbilariek. Izan ere, partidaren atarian, Ostalaritza Aurrera irakur zitekeen kartelak erakutsi zituzten bi taldeetako jokalariek zelaien, Goierriko eta Gipuzkoako ostalariei babesa emateko.













