Idiazabalgo Gazte Asanbladaren 20. urteurrena, ospakizunik gabe
Idiazabalgo Gazte Asanblada 2000. urte amaieran sortu zuten eta, hortaz, 20 urte bete ditu joan den urtean. Zehazki, abenduaren 6ko zubian bete zuen urteurrena, baina pandemia egoera dela eta ospakizun eta ekintza guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten. San Blasetan ere hainbat kontzertu eta ekitaldi antolatu ohi ditu gazte asanbladak, baina festak ere bertan behera geratu direnez, ez dute aukerarik izango 20. urteurrena ospatzeko.
Abel Martinez Idiazabalgo Gazte Asanbladako kideak azaldu du ekitaldi «potoloa» antolatzeko asmoa zutela 20. urtearen harira: «Iazko otsailean hasi ginen antolatzen eta kiroldegian kontzertuak egitea genuen pentsatuta». 19. urteurrenean egin zutenaren antzerakoa, baina ekintza gehiagorekin; urteurren hartan argazki zaharren erakusketa egin zuten gaztetxean, afaltzeko otartekoak prestatu eta kontzertuak antolatu zituzten.
Gaztetxea itxita
Herriko hainbat gaztek hartu ohi dute parte ekintzetan eta «10-15 lagun inguruko taldea» da antolatzaile lanetan aritzen dena. Pandemiagatik, dena den, itxita dago gaztetxea.
Gazte Asanbladaren 20. urteurrena ospatzerik ez dute izan. Aurtengo abenduan 21 urte beteko dituzte, ospakizunak izango diren esperoan.













