Beasain K.E.k laguntza eskatu du
Bazkideei urteko kuota kobratuko die eta jokalariei zati proportzionala. Beasainek Christian Guijarro andoaindarra fitxatu du taldea sendotzeko.
Beasain Kirol Elkarteak kuotak kobratuko dizkio bere masa sozialari: futbol eskolako guraso/jokalariei kuota kobratu egingo zaie baina denboraldi amaieran egin gabeko jardueraren zati proportzionala itzuli egingo zaie; Gainerako jokalariei/gurasoei oraindik zehaztu gabe dagoen kopuru bat kobratuko diete; eta abonatuei urteko kuota kobratuko diete. Jarduera mugatua egon arren klubak gastuak dituela azaldu du zuzendaritzak eta ezinbestean ordainketak egin behar direla azpimarratu dute. Halere, zuzendaritza jakitun da denenentzako dela egoera zaila eta horregatik jendearen laguntza eta ahalegina eskatu eta eskertu ditu.
Beasain Kirol Elkartea osatzen duten talde guztiak ari dira entrenamenduetan, ahal den neurrian eta federazioaren eta osasun agintarien irizpideak jarraituz. Talde nagusia eta nazional mailako jubenilen taldea besterik ez dira ari erregulartasunez lehiatzen, ordea.
Partidak ikustera ezin da joan. Horren ordez Beasain K.E.ren Youtubeko kanalean igortzen dituzte etxeko partidak, zuzen-zuzenean. Zuzendaritzak herriko ostalaritza-establezimenduei euren telebistetan Beasainen partidak jartzeko eskatu die.
Guijarro, taldea sendotzeko
Beasainek Christian Guijarro andoaindarra fitxatu du taldea sendotzeko. Hegaleko jokalaria da, nahiz eta punta erdian ere ongi moldatzen den. 2. B mailako Leioa taldetik dator. Goierri ongi ezagutzen du, Ordizian jokatutakoa baita.