EH Bilduk uraren pribatizazioaren «eragin izugarria» salatu du
Zumarragan Ur Kontsortzioko udalerrietan baino %40 gehiago ordaintzen dela azaldu dute. Zerbitzua esku publikoetara pasatzea eskatu dute
Zumarragako EH Bilduk uraren pribatizazioak izan duen eragina aztertu du eta koalizioko kideen ustez «eskandalu bat» da azken 15 urte hauetan gertatu dena. EH Bildukoen esanetan, Zumarragako Gipuzkoako udalerririk garestiena da, alde handiarekin. «2007tik 2020ra KPIaren igoera %21 izan den arren, uraren zerbitzua (kontsumoaren arabera) % 30 eta % 80 artean igo zaigu zumarragarroi eta kaltetuenak eta zigortuenak unitate gutxiko etxeak (1/2) izan dira. Hau da, udalaren laguntzarekin Aquarbek sekulako negozioa egin du gure urarekin».
EH Bilduren esanetan, Zumarragan uraren zerbitzua Gipuzkoako Ur Kontsortzioko udalerrietan baino % 40 garestiagoa da (Legazpi, Ezkio, Antzuola, Azkoitia, Beasain, Ordizia, Ormaiztegi, Azpeitia, Tolosa…) eta Gipuzkoako batez bestekoa baino % 60 garestiagoa. «Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007an egindako txosten batean dagoeneko, Zumarraga zen Gipuzkoako udalerririk garestiena, eta aldea handitu egin da».
Koalizioko kideen esanetan, «negozio biribila» egin du Aquarbek bizilagunen eta uraren kontura. «Igoera izugarriak pairatu ditugu eta opakotasun handia (etxeen %49ak ez du fakturarik jasotzen). Ura oinarrizko eskubidea da eta guztion ondarea, ez negozio bat. Beraz, uraren prezioa %40 murriztea, fakturak etxe guztietara iristea, zerbitzua publiko bilakatzea eta langileak egitura publiko berrian sartzea proposatzen dugu». EH Bilduk argitaratu berri duen aldizkarian jaso du gai hau. Aldizkaria ostiral arratsaldean aurkeztu zuten. «Herritarrek udalean gertatzen den guztiaz informatuta egon behar dutela uste dugu eta gure betebeharra herritarrei egin dugun lanaren berri ematea da. Udala herritarrengandik gertuen dagoen erakundea da, herritarrok aukeratzen ditugu gure ordezkariak eta garrantzitsua da herritar orok jakitea herritarrengandik gertuen dagoen erakundearen egoera zein den».
Aldizkariaren azala Mariñe Arbeo sortzaile zumarragarrak egin du. «Azalarekin komunitatea eta herrigintza indartu beharra islatu nahi izan dugu eta sortzaile baten esku utzi dugu. Izan ere, pandemia garaian kulturarena eta sortzaileena izan dira sektore kaltetuenetako bat, eta azalarekin sorkuntzaren balioa jarri nahi izan dugu lehen lerroan».
Egoera ekonomikoa
Aldizkariaren edukiari dagokionez, uraren inguruko erreportajearekin batera, galdetegi bat, EH Bilduko hiru zinegotziei egindako elkarrizketa eta udalaren egoera ekonomikoari buruzko albistea jaso dituzte. «2019an egin genuen Auzoekin Topaketak ekimen parte hartzailea ezin denez aurrera eraman, galdetegi bat ere badoa aldizkarian, herritarren proposamenak eta sentipenak jasotzeko asmoz. Hirugarren atalean udalaren egoera ekonomiko larria eta aurrekontuetarako egin ditugun proposamenak azaltzen ditugu. Zorra handitzen doa, aurrezkia murrizten eta adierazle sozio-ekonomikoak okertzen. Aurrekontuak egoera eraldatzeko baliatu beharrean murrizketa sozialak eta proiektu estrategikoen gabezia handia azaleratzeko izan dira. Guk 22 proposamen zehatz egin genituen eta gehienak ez ziren onartuak izan».