Gazteen beharrak ezagutzeko parte hartze prozesua egingo dute Seguran
14-29 urte bitartekoentzat izango da. Galdetegi bat zabaldu dute udaleko webgunean eta gogoeta saioak egingo dituzte otsailaren 13an eta 27an ikuspegiak elkarbanatzeko
Segurako Udalak herriko 14 eta 29 urte bitarteko gazteei bideraturiko partaidetza prozesua jarri du martxan, Seguran GZT EKIN! lelopean. Helburua gazte segurarrek dituzten beharrak, interesak eta nahiak ezagutzea izango da. Horretarako galdetegi bat zabaldu dute gazteek bete dezatenwebgunean aurki daiteke, eta datozen asteetan bi gogoeta saio egingo dituzte ideiak eta ikuspegiak elkarbanatzeko.
«Zein da Seguran gazteok duzuen indargunea?, Zer sumatzen duzu faltan Seguran parte hartzeko orduan? edo Zein dira egun interes gehien sortzen dizkizuten eremuak?» bezalako galderak erantzungo dituzte gazteek galdetegian, eta otsailaren 7a baino lehen aurkeztu behar dute, udaletxean edo liburutegian. Gogoeta saioak, aldiz, otsailaren 13an eta 27an izango dira, Baratze pilotalekuan, 10:00etatik 13:00etara, eta Elhuyar Aholkularitzako kideek gidatuko dituzte. Aurrez izena ematea gomendatu dute COVID-19-aren aurkako neurriengatik, whatsappez edo webgunean.
Izarra Urdalleta Segurako alkateak azaldu duenez, «gazteei entzuteko beharra» dela eta abiarazi dute ekimena: «Entitate publikoekiko urrunago egon daiteken taldea da eta pandemiak agerian utzi du haiei entzuteko behar hori». Herriko gazteei, beraz, parte hartzera animatu die. «Amestu dezatela ekimenak proposatzerakoan; haientzat ona bada, herriarentzat ona izango da», adierazi du alkateak. Izan ere, prozesuan gazteek erabakitako jarduera edo ekimenetan erabiltzeko 10.000 euroko partida gorde du udalak.
Partaidetza prozesua bideratzeko eta antolatzeko Talde Eragilea osatuko dute. Udal ordezkariez gain, gazteek ere bertan parte hartzeko deia egin du udalak, haiek izango baitira «prozesuko protagonista nagusiak». Talde Eragileko kide izateko udalaren whatsapp-era edo posta elektronikora idatzi dezakete.
Herri hezitzailea
Segurako Udala Oinherritik sustatzen ari diren herri hezitzaileen sarera batu da. Horren harira eta gazteen partaidetza prozesuari lotuta, ostiralean, otsailaren 5a, gurasoekin eta herrian haur eta gazteekin lan egiten duten eragileekin lanketa bat egingo dute. 17:00etatik 19:30era izango da, Baratze pilotalekuan. Herri hezitzailearen filosofia azaldu eta bi faktoretan sakonduko dute: haurtzaroaren kulturan eta haur eta nerabeen parte hartzean. Helburua haur eta nerabeak ikusteko begirada aldatzea eta parte hartzea zer den adostea izango da. Honetarako ere aurrez izena eman behar dute gurasoek, osteguna baino lehen, weborrian, whatsappez edo emailez.
Pandemia egoera dela eta saioen data eta ordutegiek aldaketak izan ditzaketela jakinarazi du Segurako Udalak.