GoiOsasunLabek emaitza kuantitatibo eta kualitatibo positiboak lortu ditu
Ataunen eta Beasainen garatu dute proiektua. Pertsonen bizitza autonomoa luzatzea da helburua, gaitasun fisikoak eta kognitiboak landuta. Proiektuak jarraikortasuna izango du
GoiOsasunLab proiektuak lehen urtea bete du eta arduradunek bidean lortutako emaitzak ezagutarazi dituzte. Nerea Amenabar Ubikare enpresako arduradunaren esanetan erabiltzaileek «hobekuntza nabarmenak» lortu dituzte: «Test ezberdinak erabili dira osasuna orokorrean neurtzeko: indarra, oreka, erresistentzia… Guztietan emaitzak hobetu dira». «Emaitza kualitatiboak ere positiboak izan dira. Esperientzia pilotuko parte-hartzaile gehienak azkar egokitu dira teknologia digitalen erabilerara».
Probatu duten erabiltzaileek ere gustura amaitu dute. Manuel Fidalgo izan da horietako bat: «Denborarekin gaitasun fisikoak eta mentalak galdu egiten dira. Proiektuari esker gaitasunak landu egiten dira eta galera moteldu egiten da. Oso gomendagarria da». 57 pertsonek hartu dute parte Goierrin, ataundarrak eta beasaindarrak. Gehiengoa emakumezkoa izan da, ia 40. Bataz besteko adina 76 urtekoa izan da, zaharrenak 89 urte ditu eta gazteenak, 64.
Proiektuaren arrakasta ikusita 2021ean ere aurrera jarraituko du. Martxoan hasiko dira. «Goierriko beste herri ezberdinetara eta parte hartu duten herrietan pertsona gehiagorengana iristea da erronka», aitortu dute arduradunek. Besteak beste, Mutiloako, Olaberriko, Segurako eta Zaldibiako udalak dira urte honetarako interesatu direnak. «Goierriko beste herri batean bizi zara eta parte hartzea gustatuko litzaizuke? Ez kezkatu, ateak irekita daude Goierriko adineko guztietara. Animatu», borobildu du Amenabarrek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Adinberri elkarteko langileekin jarri behar da harremanetan.
Zabaltzea da asmoa
GoiOsasunLab proiektua Ubikare eta H-Enea Living Lab enpresen artean garatutako ekimena da. Bere helburua pertsonen bizitza autonomoa ahalik eta gehien luzatzea da. Horretarako, pazienteak ariketa kognitibo eta fisiko ezberdinak egiten ditu bere kaxa, baina beti aditu talde baten jarraipenarekin. Telefonoz edo Whatsapp bidez izaten da jarraipena. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri programaren babesa du.
Parte-hartzaileek hala eskatuta, 2021eko saioetan talde izaera indartuko dute. Iazkoan, osasun egoerak eraginda, aldaketak egin behar izan zituzten. Itsasondoko udalak ez zuen prozesu osorik amaitzerik izan.