Ostalaritzaren aldeko elkarretaratzea egingo dute gaur, 18:00etan
Legazpikoak ere batu egin dira gaur hasita, ostegunero ostalarien aldeko elkarretaratzeak egiteko Gipuzkoan Ostalaritza Aurrera plataformak egindako deialdira, eta herritarrei gaur 18:00etan udaletxe aurrean elkartzeko eta protesta egiteko deia egin diete. Sektorearen heriotza irudikatzen duen eskela itxurako kartela kaleratu dute horretarako. Beste herrietan elkarretaratzeak 20:00etatik aurrera dira, baina Legazpin aurreratu egin dute hitzordua, herria eremu gorrian izanda, ostalaritza itxita dagoelako.
Manifestazioak ere egingo dira datozen asteetan Ostalaritza Aurrerak deituta, Gipuzkoa osoan zehar. Horietako lehena larunbatean izango da, otsailak 6, Urretxun. Gernikako Arbola plazatik aterako da, 19:30ean.
Legazpin, asteartetik itxita
Legazpi eremu gorrian sartu zen joan den ostiralean, eta 100.000 biztanleko 500etik gorako kutsatze tasarekin jarraitu zuen astelehenera arte. Orduan sartu zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eremu gorrian dauden udalerrien zerrendan eta, ondorioz, ostalaritza itxi egin zen gauerdian bertan. Bihar ostirala eguneratuko dute zerrenda hori, baina Legazpik eremu gorrian jarraitzen zuen atzo oraindik, 570,82ko intzidentzia tasarekin.













