Donosti Cup-eko 193 partida jokatuko dira Goierrin
Hasi da Donosti Cup, astelehenean. Goierrin asteartetik aurrera izango dira partidak. Eskualdeko bederatzi taldek eman dute izena.
Donosti Cup-eko partida bat Beasaingo Loinatz zelaian, artxiboko irudian.Lide Egizala Hasi da Donosti Cup futbol torneoa, astelehenean. Igandera bitarte, lehiaketako partidak izango dira Gipuzkoako hainbat herritako zelaietan banatuta. Goierrin aurten 193 partida daude programatuta, Zumarragan, Beasainen, Idiazabalen, Lazkaon eta Ordizian banatuta.
Zumarragako Luis Urdangarin zelaian hamabi partida jokatuko dira, eta beste hamabi Argixao zelaian, asteazkenetik ostiralera bitartean. Idiazabalgo Arizkorreta zelaian, asteartetik ostiralera bitartean, 32 partida jokatuko dira. Beasainen, berriz, Igartza zelaian 28 partida, eta Loinatz zelaian 37, asteartetik larunbatera bitartean. Lazkaoko Arizti Handik 36 partida hartuko ditu asteartetik larunbatera, eta Ordiziako Altamirako zelaiak 36 partida asteartetik larunbaterako tartean.
Goierriko bederatzi taldek eman dute izena torneoan: La Salle Zumarragak bi talde ditu, Beasain KE-k beste bi talde, eta Ordizia KE-k, Idiazabal KE-k, Urola KE-k, Beasain IP-k eta Jakintza Ikastolak talde bana.
Urola KE-k Mondragon CF B, Fut Prime Academy eta Las Rozas Academy ditu aurkari multzoan. La Salle Zumarragako talde bat zein Beasain KE-ren talde bat (multzo berean daude) elkarren aurka ariko dira, Academia IFF Pro eta Intercontinental Stars-ekin batera. La Salle Zumarragako beste taldea, aldiz, Erain, San Patricio eta Antigua Luberrirekin ariko da lehian, eta Beasain KE-ren beste taldeak EFB Palau, EFBO AD eta Academia IFF Proren aurkako partidak jokatuko ditu.
Beasain IP-k Orixe, Mundaiz Ikastetxea eta San Ignacioren aurka jokatuko du, eta Ordizia KE-k Santo Tomas Lizeoa KE, Throttur C eta Inter Tarragona A izango ditu aurkari. Idiazabal KE Xbuyer Team, Ciudad del Futbol eta BCN Junior Miami Blueren multzoan dago, eta Jakintza Ikastola Erain, Zubiri Manteo eta Anoetako Herri Ikastolarekin.
Hamasei kategoriatan banatuta, mundu osoko herrialde askotako 911 talde ariko dira lehian aurtengo Donosti Cup-en, 10.000 partaidetik gora. 2.246 partida jokatuko dira denera.













