Zubi-Ondotik adinaren gailurrera
Ehun urteak harrapatzea geroz eta ohikoagoa den arren, ez dago edonoren eskura. Oraindik gutxiagok gainditzen dute mendea horren aise. Joxepa Etxeberria Garmendia zaldibiarra herenegun hil zen, 107 urterekin. Atzo egin zuten haren aldeko hileta.
Lazkaomendiko Okobio baserrian sortu zen Joxepa Etxeberria, Zaldibiako partean, 1913ko irailaren 10ean. 108. urtea betetzen ari zen, beraz. Gazterik jaitsi zen Zaldibiako kalera, Zubi-Ondo etxean neskame zerbitzatzeko. Geroztik han bizi izan da, bertako seme Inazio Irastortzarekin ezkondu baitzen.
Etxeko taberna-jatetxean makina bat lan egindakoa, familia handia osatu zuen, eraikin berean. Lau seme-alaba izan zituzten beraiek. Honela gogoratu zuen Maritxu Irastortza alabak 2013an: «Senideak diferentzia handikoak gara; hiru ahizpak lau urteren aldekoak, baina anaia ni baino 19 urte gazteagoa. Amak denoi eman zigun bularra. Semeari, sei urte bete arte. Esaten zion amak: ‘Joan hadi denda berrira, eta ekarri azukrea’, edo behar zuena. ‘Titia ematen badidazu, bai’, erantzuten zion umeak. Harik eta titia eman arte, ez zen joaten. Umeak jartzen zion aulkia».
Adin luzeak beste opari bat ere eman dio bizitzan: bost belaunaldiko familia ikustea. Ehun urte bete baino bi hilabete lehenago jaio zen Eneko hereniloba, 2013ko uztailaren 10ean. Sara etorri zen gero.
Gogoan zuen, jaiotza haren harira, Okobio jaiotetxekoek nola bidali zioten oilo bat, antzainako usadioan. Ia-ia XIX. mendea eta XXI.a lotu dituen zubia izan da Joxepa Etxeberria.
Zaldibiako zaharrena ezezik, Goierriko adintsuena ere bazen.













