Jaurlaritzak ondoko herrietara mugitzeko aukera emango du berriz
Indarrean dagoen dekretua beste 20 egunez mantenduko du, aldaketa txiki batzuekin. Nagusiena, berriz ere aldameneko herrietara mugitzeko aukera izango da. Astelehenean sartuko da indarrean.
EAEko Auzitegi Nagusiak tabernak irekita mantentzeko hartutako behin behineko erabakiaren ondoren, ikusmina zegoen Eusko Jaurlaritzaren hurrengo pausoa zein izango zen jakiteko. Labi aholku batzordearen alor teknikoa atzo bildu zen, eta beste horrenbeste egin du gaur batzorde politikoak. Hura bukatutakoan, Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du hitza, azken erabakien berri emateko.
Labik indarrean dagoen dekretua beste 20 egunez mantentzea erabaki du, baina aldaketa batzuk egin dituzte. Horietako bat da aldameneko herrietara mugitzeko aukera. Agindua astelehenean sartuko da indarrean, gauerditik aurrera. Kirol aktibitateetarako, aisialdirako edo aktibitate ekonomikoetarako mugitu ahal izango da. Eragin tasa 500etik behera duten herrien artean, kirol entrenamenduak eta lehiaketak ere egin ahal izango dira.
Lehendakariak azpimarratu du orain arteko erabaki guztiak “osasun profesionalen gomendioetan” oinarrituta hartu dituztela, “ikuspegi zientifikoa eta sanitarioa” lehenetsita. Neurri horien helburu nagusia “birusaren transmisioa gelditzea eta herritarren osasun publikoa bermatzea” dela gogorarazi du.
Auzitegi Nagusiak aste honetan hartutako erabakiaren aurrean, autoa errespetatzen duela azaldu du, nahiz eta ez duen ez ulertzen ezta konpartitzen ere. Azkenik, erantzukidetasunerako deia egin du: “gu gara birusa eragozteko lehen hesia”. Egoerak eskatzen duen arduraz jokatzeko eskatu die herritarrei.