Legazpiko ostalariek udalean aurkeztu duten mozioaren berri eman diete herritarrei
Ostalaritzaren aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo, udaletxe aurrean. Agintariek ezarritako murrizketen ondorioz bizi duten egoeraren berri eman dute.
Ostalaritza Aurrera plataformak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Legazpiko ostalariek, eta dozenaka herritarrek elkartasuna adierazi zieten udaletxe aurrean. Pandemiagatik agintariek sektorean ezarritako murrizketen ondorioz herriko ostalaritzak bizi duen egoeraren berri ematea zen helburua. Udalean sartu duten mozioa aurkezteko ere baliatu zuten elkarretaratzea. Mozio hori, aurreko udalbatzan aztertu gabe utzi zuten beste baten ordez osatu dute, eta hainbat eskari jasotzen ditu, laguntza zuzenak, zerga salbuespenak eta hobariak, besteak beste. “Ixtera behartzen bagaituzte, konpentsatu egin behar gaituzte” esanez amaitu zuten bilkura, txalo artean.